Podemos Nafarroa
Eduardo Santos: "Yolanda Diezi eman behar dizkiogu baliabide guztiak nahi duen proiektua bideratzeko"
Jone Larrañaga | EITb Media
Nafarroako Gobernuko kontseilari eta Podemoseko kideak gogoratu du alderdi morea gauzak aldatzeko instrumentu bezala jaio zela plazetan eta iritzi dio egitura osoa jarri behar dela helburu horretarako.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
"Podemos izan zen instrumentu bat gauzak aldatzeko. Gure jatorria dago plazetan. Politikak eta politikak egiteko moduak eta batez ere helburuak aldatu nahi izan genituen. Lotuta geratzen badagara azpiegituratan, okertzen ari garela gure jatorritik". Hala mintzatu da Eduardo Santos Nafarroako Gobernuko Justizia eta Migratzaile kontseilari eta Podemoseko ordezkaria Yolanda Diezen proiektuaz galdetuta. Euskadi Irratiko "Faktoria"n esan duenez, Espainiako Gobernuko Lan ministroari "bide guztiak eman behar" dizkio Podemosek "nahi duen proiektua bideratzeko", bai oraingorako iragarri duen entzute prozesura begira, eta "hala erabakiko balu, baita balizko hautagaitza batera begira ere".
Santosek gogoratu du politika egiteko modu berriak badaudela, eta horretan ari dela alderdi morea, bai Espainiako Gobernuan, baita Nafarroakoan ere. Pedro Sanchezen Gobernua egonkor dagoela iritzi dio eta, pandemiaren ostetik, "arima emango dioten" asmoak gauzatzen hasiko direla urte honetan. Nafarroako gobernua ere "ondo ari dela" azpimarratu du, eta bazkide txikiena diren arren, ari dela bertan Podemos ekarpenak egiten.
"Gero eta migratzaile gehiago geratzen da hemen"
Migratzaileentzat harrera plan berria aurkeztu ondoren izan da Santos Euskadi Irratian. Azpimarratu du lehen iraganbidean pasatzen zirela migratzaileak Nafarroatik, baina gero eta gehiago ari direla bertan geratzen. Haientzako hizkuntza eta lan arloa indartu nahi du 2026ra arteko plan horrek, eta arlo psikologikoan ere egiten du indarra. Santosek gogoratu duenez, inportantea baita fokua hor jartzea, bereziki, sarererik ez duten kolektiboetan.
Nafarroako espetxeko osasun arloa bere gain hartu ondoren, gizartearen azpiegiturak kartzela barrura zabaltzeko lanean ari direla ere adierazi du, eta prest dutela plana eskumen osoak iristen direnerako ere. Nolanahi ere, akordio hori urruti ikusten du oraindik Santos kontseilariak.