EUSKADI IRRATIA
Uriarte: “Arrakalak sortu arren, espero dut erantzukizunez jokatzea eta Gobernuaren egonkortasuna mantentzea"
Onintza Aiestaran | EITB MEDIA
Roberto Uriarte Podemos-Ahal Duguk Madrilgo Kongresuan duen diputatuak nabarmendu du akordioak lortu direla eragile sozialen artean, eta badirela beste bi urte legealdian, beste aurrerapausoak emateko, "orain adostu ezin izan direnak gerora gehitzen joateko".
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Gaur Diputatuen Kongresuak onartuko duen lan erreforma tarteko, Pedro Sanchezen inbestidura ahalbidetu zuen gehiengoaren baitan arrakalak sortu direla onartu du Roberto Uriarte Unidas Podemoseko Bizkaiko diputatuak Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan. Arrakalak arrakala, ordea, bloke progresista deitu izan den horretako taldeek erantzukizunez jokatuko dutela eta gobernuaren egonkortasuna mantenduko dela espero du. "Nik argi eta garbi daukat bai EH Bilduk eta EAJk erantzukizunez jokatuko dutela", gehitu du.
Uriarteren esanetan, inbestidurako blokea mantentzea oso garrantzitsua da Unidas Podemosentzat. Koalizio gobernuaren baitan, ordea, iritzi kontrajarriak dituzte PSOEk eta Unidas Podemosek: "Alderdi Sozialistak geometria aldakorra nahi du; guk, aldiz, sozio egonkorrak mantendu nahi ditugu legegintzaldian zehar".
EAJk lan erreformaren aurka bozkatuko duela ezagutu berritan, jarrera hori aurpegiratu die jeltzaleei: "EAJk ez inoiz bozkatu enpresarioen kontra, oso arraroa egiten da gaurkoan hori egitea". Uriartek aitortu duenez, ez du ulertzen EAJk PPrekin eta Voxekin batera bozkatzea eta egonkortasuna zalantzan jartzea. EAJren jarrera Yolanda Diaz Unidas Podemoseko ministroaren kontrako egiteko izan daitekeela iradoki du Uriartek.
Roberto Uriartek ez dio atea itxi, ordea, gaurko onartuko den lan erreforma hobetzeari. Azaldu duenez, oraindik ere beste bi urte gelditzen dira aurrerapausoak emateko eta "orain adostu ezin izan direnak gerora gehitzen joateko".