Ukabilketan, boxeoa euskaraz
Danel Abando:"Orain arteko borrokarik gogorrena izango dut Bilbo euskaldunago egitea"
Ane Albisu | EITb Media
Danel Abando boxeolariak "Ukabilketan" proiektuaren bidez, boxeoa gazteekin euskaraz eginaz Bilbo euskaldunagoa izatea lortu nahi du. Arrakasta handia du gazteen artean boxeoak eta aukera hori baliatu nahi du, euskaraz bizitzeko hautua egin duen boxeolari bilbotarrak, "Deustuko Tigreak".
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Danel Abando 26 urteko boxeolari bilbotarrak 14 urterekin probatu zuen boxeoa eta kirol horrekin maitemindu egin zen. Asko eman dio boxeoak: bizitzeko modua, osasuna, lehenengo aldiz irakasleari errespetoa izatea (Maykel Balmaseda Alburqueque boxeolari kubatarrak lortu zuen hori. "Boxeoaren intelektuala da bera" esan digu Danelek), ikasteko gogoa....
Politika zientziak ikasi eta orain irakasle izateko masterra ari da egiten, ikasleak motibatzeak duen garrantziaz ohartuta, hori sakondu eta praktikan jarri nahian. Historia eta politika ere gustuko gaiak ditu eta ezkerreko besoan Picassoren Gernika koadroa dauka tatuatuta. Haseran amamaren etxean zegoen koadro maitatua zuelako eta gerora horrek adierazten duen guztia ere intereseko duelako.
Bizkarrean berriz, tigre handi bat du tatuatuta, Deustuko eraikin baten gainean dagoen tigrearen eskultura ezaguna goizero ikusten zuelako entrenatzera joaterakoan eta motibazioa ematen ziolako. "Deustuko tigrea" ezizena ere hortik datorkio.
Behin Madriden lagun euskaldun batekin bi egunez euskara hutsean aritu ondoren, euskararekiko ardura piztu zitzaion eta euskaraz bizitzeko hautua egitea erabaki zuen. Ardura horretatik abiatuta, boxeoa euskaraz egiteko eta horrekin gazteengan euskaraz egiteko ohitura zabaltzeko asmotan Ukabilketan proiektua ari da garatzen "gazteengan dagoelako euskararen etorkizuna" eta Bilbo euskaldunagoa lortu nahi duelako. Badaki lan zaila duela eta horregatik aitortu digu faktoria saioan "orain arteko borrokarik gogorrena izango duela"
Elkarrizketa amaitzeko, EITB-ri eskerrak eman nahi izan dizkio, Boxeo Izarrak saioagatik.