Elikagaien etiketatzea
Itziar Eseberri, EHU: "Jaki bat light izateak ez du esan nahi osasuntsua denik"
MIkel Rotatetxe | EITb Media
Ontziratutako elikagaien etiketatzeaz eta zigiluen negozioaz aritu gara Euskadi Irratiko "Faktoria"n Itziar Eseberri EHUko irakaslearekin: "Zaila da jakitea zer ari garen erosten, enpresek zirrikituak dituztelako marketinean aritzeko".
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Supermekatuetako apalategietan elikagaien ontzietan ondo agerian jartzen dituzten etiketen ifrentzuari heldu diogu Euskadi Irratiko "Faktoria"n. Abeltzaintza intentsiboaren gaineko eztabaidak lehenera ekarri duen zigilu horien gestioa eta negozioa: Zer ezkutatzen da etiketa horien atzean? Badakigu zigilu horiek irakurtzen eta zenbateraino dira berme-kalitate eta jatorri ziurtagiriak?
Galdera horiek denak erantzun dizkigu Itziar Eseberri Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia eta Elikagaien Zientzietako Fakultateko irakasle eta Carlos III eta BioAraba institutuetako ikerlariak: "Ez da erraza izaten zer erosten dugun jakitea, etiketek informazio asko ematen digutelako eta enpresek zirrikituak dituztelako marketinean aritzeko". Azaldu duenez, gaur-gaurkoz, ez dago etiketarik eredu intentsiboz ekoitzitako okela identifikatzeko, baina bai, ordea, abereen ongizatea ziurtatzeko zigiluak.
Ustezko izaera osasuntsua saltzen duten etiketei ere heldu diegu. "Jaki bat light izateak ez du esan nahi osasuntsua denik", esan du Eseberrik, "zuntza, mineralak eta bitaminak izan ditzake, baina azukre erantsia eta bestelako eransgarriak ere bai". Enpresa handiek bideak dituzte produktuen osagai eta propietate kaltegarriak mozorrotzeko, eta erosleei zentzua eta jarrera kritikoa izatea gomendatu die EHUko irakasleak.