Tren zerbitzu berria
Donostia-Baiona tren linea ezartzea aztertzen ari da Euroeskualdea
GORKA OTAEGI | EITb Media
Gipuzkoa eta Lapurdi lotuko lituzkeen herriarteko trena 2025ean ezarri ahalko litzateke, Donostia eta Irun arteko AHTaren azpiegitura baliatuz.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Gaur egun Hendaia eta Irun artean dagoen tren "haustura" konpontzeko asmotan dabil Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea. Aztertzen ari da Donostia eta Baiona artean aldiriko tren zerbitzua ezartzea. "Donostia eta Irun artean ezartzen ari diren 3. errailak aukera emango du Europako zabalera duten trenak Gipuzkoako hiribururaino iristeko", dio Euroeskualdeko lankidetza teknikari Peio Barrenetxeak. Aldiriko tren linea berriak, hortaz, Gipuzkoa ekialdean eraikitzen ari diren AHTaren azpiegitura baliatuko luke. ADIFek zati hori 2025erako amaitzea aurreikusten du.
Mugi txartela Ipar Euskal Herrian
Barrenetxeak aurreratu du, Euroeskualdearen lankidetzari esker, aurki Gipuzkoako Mugi garraio txartela Ipar Euskal Herrian erabiltzeko aukera izango dela, zehazki Baionako Trambuseko bi lineetan; era berean, Iparraldeko Euskal Elkargoak aurten martxan jartzear duen garraio txartel bakarra (Txiktxak txartela) Donostiako Dbus udal autobusetan ere erabili ahal izango da. Entzun elkarrizketa.