Ukrainako gatazka
Izaskun Bilbao, EAJ: "Putin Hagako Auzitegira eraman behar da, gerra krimenak egiten ari delako"
MIkel Rotaetxe | EItb Media
Ukrainari armak ematearen eta Errusia ekonomikoki zigortzearen alde egin du Izaskun Bilbao Barandika EAJren eurodiputatuak. Vladimir Putin "isolatu" beharra dagoela dio, eta, unea iristean, Nazioarteko Zigor Auzitegian epaitu.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
"Ukrainari armak ematea albiste ona da". Europako Batzordearen egitasmo militarra txalotu du Euskadi Irratiko "Faktorian" Izaskun Bilbao Barandika EAJren europarlamentarioak: "Ezohiko une historikoan gaudenez, ezohiko neurriak behar ditugu Vladimir Putin blokeatu eta isolatzeko". Errusiako presidentea "Europa osoaren aurka" ari dela nabarmendu du Bilbaok, eta, ahuldu beharrean, indartu egin duela: "Putinek ikusi du Europan badela batasuna". Baina Batasunaren baliabide militarrak harago eraman behar direla ere azpimarratu du ordezkari jeltzaleak: "Europako Defentsa bakarra behar dugu".
Putinekiko hartuemanez, Bilbaok esan du ez dela erraza Errusiako presidentearekin "harremantzea", baina Ukrainako gatazkak indartu egin dituela Batasuneko kideak. Putin gerra krimenetan ari dela "agerikoa" dela uste du eta, horregatik, "Nazioarteko Zigor Auzitegian epaitu behar dela".