Arkeologia eta historiaurrea
Aritza Villaluenga: "Nik ere galdetu nion amonari, umetan dinosauroak ezagutu ote zituen"
Ane Albisu | EITb Media
A.Villaluenga historialari eta ikerlaria Izturitze eta Lezetxikiko aurkikuntzen garrantziaz aritu zaigu. Europa hego-mendebaldean mamut ehizarik egin ez zen arren, Izturitze da salbuespena. Lezetxikin duela 240.000 urteko emakume baten besoa aurkitu zuten, Euskal Herriko giza aztarnarik zaharrena.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Aritza Villaluenga, EHUko irakasle, historialari eta ikerlari portugaletearra, besteak beste Izturitzeko harpeetako ikerlari taldean dabil eta iaz aurkitutako mamutaren arrasto berriak oinarri hartuta, argi esan digu, Europa hego-mendebaldean mamutaren ehizaren arrasto bakarra Izturitzen dugula, hori dela salbuespena. Duela 30.000 urteko mamut gaztearen hezurrak topatu zituzten bertan. Bisita interesgarria da Villaluengaren esanetan Izturitzeko harpeen multzoa eta neguko itxialdiaren ondoren (kontserbazio arrazoiengatik isten dute) martxoaren 15ean zabalduko dute berriro.
Arrasateko Lezetxiki kobazuloaren ikerketa taldean ere badabil Aritza Villaluenga eta gogora ekarri digu kobazulo horretan aurkitutako materiala ikusteko "Lezetxiki neandertalen lurraldea" ikusgai dagoela Arrasaten. Euskal Herriko giza aztarnarik zaharrena bertan topatutakoa da, duela 240.000 urteko emakume baten beso hezurra.
Doktoretza tesia hartzaren inguruan egin zuen Villaluengan eta argitu zuen hartzaren ehizarik ez zela egin Euskal Herrian. Kobazulo berberean bizi bai, baina garai ezberdinetan. Eta hildo horretan, beste behin ere argitu nahi izan du gizakia eta dinosauroak ez zirela elkarrekin bizi izan, nahiz eta Jurassic Park-en gisako filmek hori sinestarazi askori.