Ukraina
Natalia Zhyvotovska:"Ukraina dut buruan, baina bizirik nago eta hasi beharko dut bizitza egiten"
Ane Albisu | EITb Media
Gerra oso hubil bizi izan du Nataliak. Militarrek etxea okupatu zieten eta orain jakin du mina batekin suntsitu dutela. Ihesean ezker eta eskuinera ez zuen begiratzen hildakoak ikusi eta zorabiatzeko beldurrez. Astebete darama Aretxabaletan eta gerraren kontakizun gordina egin digu.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Natalia Zhyvotovska ukrainarrak 21 urte ditu, eta lau zituenetik etorri izan da Anabel Elorzaren etxera Aretxabaletara Txernobylgo ume gisa. Orain, gerratik ihes egitea lortuta, ama Lesiarekin eta honen lagun baten 14 urteko seme Nazar-ekin etorri da bere bigarren etxera. Bilboko taxi gidariek ekarri zituzten duela astebete.
Hango egoera burutik kendu ezinik, oso urduri daude, baina bizirik daudela eskertuz hemen bizitzen hasi behar dutela ere jakitun dira. Turismo ikasketak eginda, master bat ikasten ari zen Ukrainan eta dokumentazio guztia han geratu zaio. Hasteko, hizkuntzak ondo ikasi eta lana topatzen hasi beharko duela esan digu. Hizketarako eta kontatzeko gogo eta beharra nabaritu diogu Nataliari, "gauzak kontatu egin behar direlako, jendeak jakin dezan zer ari den gertatzen". Gerraren kontakizun gordina egin digu, oso hurbiletik bizi izan duelako.
Zelenski-ri eta Putin-i zer esango liekeen galdetuta, "Ukrainan libre bizi nahi dugula esango nieke, ukrainarrak garela eta geratu dezatela hau".