Estuasuneko sukaldaritza
Berdel-marmitakoa prestatzen irakatsi digu Iker Markinezek
Garazi Urdanpilleta | EITb Media
Elikagaiak hain garesti dauden honetan, sabela ongi betetzeko, patata osagai nagusi duten platerak prestatzeko gomendioa egin digu Iker Markinezek, Ormaiztegiko Kuko jatetxeko sukaldariak. Gaurkoan, berdel-marmitakoa nola prestatu azaldu digu.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Krisi garaiotan, elikagai askoren prezioak gorakada izugarria izan du. Fruta, barazkiak, haragia, arraina… guztia garestitu da, eta honelako krisi egoeran patatak salba gaitzake. Patata oinarri nagusi duen plater bat ekarri digu Iker Markinezek, Ormaiztegiko Kuko jatetxeko sukaldariak: berdel-marmitakoa.
Osagaiak
-Patatak
-Berdela
-Barazkiak: piper gorria, piper berdea eta tipula)
-Olioa
-Tomateak
-Gatza
Errezeta
-Barazkiak (piper gorri, piper berdea, tipula) lauki txikitan moztu, gatz pittin bat eta olio zorrotada fin bat bota. Erregosi.
-15 minutura, patatak zatitu eta bertara bota. Nahi izatera, kaiena piper bat bota. 5 minutuz erregosi.
-Tomate natural pare bat laukitxotan moztu eta gehitu.
-Ura bota patatak estali arte.
-Gatza bota eta 30 minutuz irakin su ertainean.
-Patata erdi-biguina dagoenean, berdel xerrak zatitu puska txikitan, gaztu eta lapikoan sartu.
-Tapa jarri, sua itzali eta 10 minutuz bertan eduki.