ARTEA ETA HONDARRIBIA
Judas Arrieta: "Nire buruaz barre egiten dut beti, kritikoa naiz nire buruarekin eta inguruarekin"
Hondarribian abiatu da 2022ko Itzulia eta bertan, Alde Zaharrean egin dugu hitzordua Judas Arrieta artistarekin. Urte luzez nazioartean lanean aritu ostean, 2013an itzuli zen Euskal Herrira. Orain, 'My Favorite Art Toys' erakusketa berria aurkeztu du, Barakaldon.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Judas Arrieta artista hondarribitarrak jaioterriko Alde Zaharra maite du bereziki. Film baten agertoki gisa ikusten du eta zinema zale izanik, hori are gustukoago du. Hondarribiak euskal artearen historian leku berezia izan duela azpimarratu du, baina gogora ekarri du udalerriak galera handiak jasan dituela azken urteetan eta egun artista hondarribiarrek gune gutxi dituztela euren sormena jendeari erakusteko.
2014tik, Arrieta Asiako Art Toy kultura promozionatzeko lanetan dabil koadro, marrazki, bideo eta jostailuen bitartez. Art Toy jostailuak diseinatzaileek eta artistek edizio mugatuetan ekoizturiko jostailuak dira. Ildo horretan, artista hondarribiarrak 'My Favorite Art Toys' erakusketa estreinatu berri du, Barakaldon.
Arrietak euskal artisten obrak saltzen ditu mundu zabalean. Asiara, AEBetara, Hego Afrikara... egunero bidaltzen ditu ordezkatzen dituen artisten lanak. Arrietak negozioak Instagram bidez egiten ditu batez ere eta, salmenta lanak ez ezik, bilduma zaleekin bitartekaritza eta diplomazia kudeatzeaz ere arduratzen da.