Itxi

SUKASUAN taldea

"Kontzertuak eman arren, triki-poteoekin segitzen dugu, kaleko giroa gustatzen zaigulako"

Ane Zuazubiskar| Eitb Media

Araba Euskaraz jaiaren aurtengo abestia egin dute Sukasuan musika taldekoek. Triki-poteoak egiten hasi, eta kontzertuak ematen aritzen dira orain: “Gure abestiez gain, festa girora egokitu daitekeen edozein kantu jotzen dugu, Rotten XIII taldearenak adibidez”.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Ane Muñoa panderojoleak eta Unai Martin gitarrajoleak Araba Euskaraz jaiaren abestia sortzeko prozesuaren berri eman dute "Faktoria" saioan: "Manex Agirre bertsolariaren hitzak eman zizkiguten, eta nahiko modu naturalean, musika sortu ostean joan ginen Dupla taldekoengana". Aguraingoak dira Sukasuan taldekoak, eta hasieran triki-poteoak egiteko elkartzen baziren ere, kontzertu akustikoak ematen hasi ziren gero.

Orain sei kide ditu Sukasuan talde aguraindarrak, eta batez ere Arabako Lautadako herrietan dituzte kontzertuak. Duela gutxi Bartzelonan ere izan dira Sukasuan taldekoak, Korrikaren inguruan antolatutako jaian: "Uda hurbildu ahala betetzen ari zaigu agenda, triki-poteoak egiteko edo kontzertuetarako". Hasierako bideari uko egin gabe, triki-poteoetan jotzen jarraitzen dute, "kaleko giroa" gustatzen zaielako. Sukasuan izena nondik datorren ere kontatu dute.

Elkarrizketan, Arbasoak taldeko Sebastian Ustarroz musikariak kalean jotzen ari zirela gertatutakoa ere kontatu du. Donostian jotzen ari zirela, udaltzainak hurbildu zitzaizkien atzo arratsaldean, kalean jotzeko baimenik ez zutelako. "Harrituta", azken abesti bat kantatzea lortu zuten, herritarrek "beste bat" jotzeko eskatu zietelako.

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)