UNAI ELIZASU
Unai Elizasu: "Erreka Mari Urumean izeneko antzezlanarekin ibaiaren sekretuak ezagutuko ditugu, kanoan"
Amaia Eneterreaga | EITb Media
Arrauning izeneko enpresaren jabeak uraren gainean egingo duten antzezlan berria, Urumea ibaiak gordetzen dituen istorio eta kondairak, ingurumenaren zaintza oinarri duten proiektuak eta horietarako landutako musikak aurkeztu dizkigu.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Unai Elizasuk, Arrauning enpresaren jabeak, 'Erreka Mari Urumean', uraren gaineko antzerki emanaldia aurkeztu digu "Faktoria" saioan. 6 urtetik gorakoentzat prestatutako proiektuan, mezu bikoitza zabaltzea da helburua: Urumea ibaiak gordetzen dituen istorio eta kondairak ezagutaraztea, eta, aldi berean, ibaia garbi mantentzeko ahalegina egitea. Enkarni Genuaren ipuin historikoa Sustrai Colinak egokitu du proiekturako eta Unaiekin batera, Aldatzen Laguntzen antzerki taldeko aktoreek ere parte hartuko dute maiatzaren 8an estreinatuko duten emanaldian.
Donostiako Loiola auzoan uretaratu ondotik, kanoa kanadiarren bidez ibaian gora joango dira ikusleak; Martin izeneko pertsonaiaren kontakizunak entzuten dituzten bitartean, Erreka Mari aurkitzeko xedea izango dute.
Unai Elizasuk Arrauning enpresaren baitan egiten dituzten gainontzeko proiektuekin ere pozik dagoela kontatu digu. Sagardoak Urumea ibaiarekin duen lotura zuzena edo ibaian zehar egiten dituzten irteera musikatuak ere arrakastatsuak direla azaldu digu.
'Erreka Mari Urumean' antzezlan eta ur jarduera marea baxuarekin egingo dutela aurreratu digun arren, uda osoan parte hartzeko aukera izango dela zehaztu du.