Osasun publikoa
A. Rengel, kardiologoa:'Epel geratu dira. Tabakoarekin bezala, neurriak hartu behar dira alkoholarekin ere'
JOne Larrañaga | EITB Media
Ardo bat edo bi hartzea ona dela dioen sinismen hori gizartean oso errotua dagoela azpimarratu du medikuak eta gogoratu du "ez dagoela ebidentzia zientifikorik hori probatzen duenik". "Zenbat eta gutxiago, hobe", esan du.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Ainhoa Rengel Donostia Ospitaleko kardiologoaren arabera, Espainiako Lurralde arteko osasun batzordeak onartutako osasun kardiobaskularrari buruzko estrategiaren testua motz geratu da alkoholari buruzko aipamenean. Azaldu du ardo bat edo bi edatea ona dela dioen sinismena oso zabaldua dagoela edo sagardoa alkohola ez dela pentsatzen duen jende asko dagoela oraindik. Rengelek irudiko, inportantea da uste horiek ezabatzea. Tabakoaren kontrako neurriak ere, hasieran, gizarteak gogor hartu zituela gogoratu du, baina, gero, profesionalek ikusi dutela neurri horiek osasunean ekarri dituzten onurak.
8 ardatz eta 32 helburu biltzen ditu asteazken honetan onartutako estrategia horrek, herritarren bizimodua osasuntsuagoa sustatu eta gaixotasun kadiobaskularrek duten eragin kaltegarria gutxitzeko. Espainiako datuak kontutan hartuta, lau heriotzatik bat tankera honetako gaitzek eragiten dute, eta antzerakoa da portzentajea Euskal Herrian ere.
Portzentaje hori gutxitzeko arrisku faktoreen prebentzioan egiten du indarra estrategiak: elikadura osasuntsua bultzatzea, sedentarismoa gutxitzea eta, bai, tabako eta alkoholaren kontsumoa jaistea. Helburu horrekin lotuta jaso dute adituek gomendio zerrenda luzea: adibidez, vending makinetako elikagai eta edari ez-osasuntsuen kopurua mugatzea, elikadura osasuntsua bultzatzeko prezio politikari eta fiskalitateari heltzea eta publizitatea arautzea. Zerrenda honetako gomendioetako bat zen menuetatik kanpora uztea alkohola, baina, azkenean, ezabatu egin dute. Zera jasotzen du estrategiaren testuak, hitzez hitz: "iraganean alkoholaren kontsumoaren onurak azpimarratu badira ere, ez dira nahikoak, inolaz ere, alkoholak eragiten duen heriotza tasa berdintzeko eta, beraz, arrisku faktoretzat hartu behar da".