Jaiotza-tasa, gainbeheran
Jaiotzak gainbeheran: Nola heldu erronka demografikoari?
Milurteko jaiotza-tasarik apalenak ari gara zenbatzen Euskal Herrian eta herritar gehienek nahi baino seme-alaba gutxiago dituzte. Jaiotzen beherakaren arrazoi eta ondorioei heldu diegu Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, mendea amaitzerako 11.000 milioi lagun izango gara munduan, baina kontrako bidean dira Europa mendebaldea. Euskal Herrian milurteko jaiotza-tasarik apalenak ari gara erregistratzen (gurasoko 1,28 haur), geroz eta seme-alaba gutxiago izaten dugu eta geroz eta beranduago. Daniel 31 urteko 3D diseinatzailea da, haren bikote Garazi 34 urteko ikaslea. 'Faktoria'n hitz egin dute: "Nahi genuke guraso izan baina ez edozein baldintzaren truke". Eusko Jaurlaritzaren arabera, antzeko egoeran daude herritarren % 52 -egoera ekonomikoa bestelakoa balitz, seme-alaba gehiago izatearen alde-.
Jaiotzen berehakada "krisi larritzat" dutenen aurrean, auzia bere neurrian jartzea hobetsi du Marta Luxan EHUko Demografia doktoreak: "Egungo munduan seme-alabak 20 urterekin izango bagenitu, bestelako arazoak sortuko lirateke, aiton-amona oso gazteak leudekeelako bilobak, seme-alabak eta gurasoak zaintzen". Eta gizartea zahartzeak "demokratizazioa" bistaratzen duela dio, "bizi-itxaropena luzatu dugulako eta bizi kalitatea hobetu". "Garrantzitsua ez da zenbat garen", azaldu du, "baizik eta nola bizi garen eta demografia aldatzeko, ezinbestekoa da errealitate sozioekonomikoa aldatzea".
Seme-alabak izateko zailtasunek "azalpen ekonomikoak" dituztela erantsi du, ildo beretik, Jon Bernat Zubiri EHUko Ekonomia irakasleak: "Guraso izatearen demokratizazioa falta da, eta jaiotza-politikak hobetzeko bideak ekarri behar du enpleguaren eta lan-harremanen duintzea". Immigrazioaren bidez bilakaera demografikoa hauspotzeaz, Luxanek dio premisa horrek badakarrela tranpa bat: "migratzaileak ez du sorterritik alde egiten nahi duelako, baldintzek derrigortuta baizik", eta sistema horretan oinarritu nahi dugun ala ez pentsatu beharra dago.