Greba Osakidetzan
Maitena Larrañaga,SATSE: "Ez digute informaziorik ematen, horrela ezin dira osasun zerbitzu egokiak eskaini"
OIhane Yustos | EiTb Media
Euskadiko osasun sindikatuek erietxe eta buruko osasun ataletarako greba deitu dute, langileen behin-behinekotasuna murriztu dadin. % 58koa da gaur egun, gehienez % 8ra gutxitzea eskatzen dute sindikatuek.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Osakidetzako sindikatuek diote pandemiaren gogorrena igarota, egoera ez dela bere onera etorri, urteetako arazoei ez dielako irtenbiderik eman Osasun sailak. Maitena Larrañaga SATSEko ordezkariak "Faktoria"n esan du 'tentsio handiko egoera' dutela. Langile asko bajan daude, eta kategoria askotan arazo handiak daude hutsuneak betetzeko eta, Larrañagaren hitzetan, Osakidetzak aurrera egiten du ezer gertatuko ez balitz bezala. "Baina, langileen aurpegi eta begietara begiratzen baduzu, haserrea, nekea, dezepzioa ikusi dezakegu eta lanbidearekiko desenkantua ere bai".
Eusko Jaurlaritzak legealdirako iragarri dituen 8.200 plazen lan eskaintza publikoak ez du egoera bideratuko, SATSEk baitio "oso eskasa" dela. Lan eskaintzetako bat pandemia aurretik adostu zen, 3.500 postuko da baina, SATSEren arabera, erizainetan bakarrik kopuru hori beharko litzake.
Informazio falta
Informazio gehiago eskatzen dute sindikatuek. Lan eskaintzetarako zenbakietan nondik atera diren ez dakite, "osasun sailak ez digu txostenik erakusten", esan du Larrañagak, "Osakidetzak ez digu ezer jakinarazten, horrela ezin dira langileen baldintzak adostu, horrela ezin da lan egin osasun zerbitzu egokiak eskaintzeko".