Itxi

Hauteskunde legegileak IEH-n

Trounday eta Dufau: Asanblada Nazionala helburu

Annick Trounday (Elkarrekin) eta Peio Dufau (EH Bai) hauteskunde legegileetarako hautagaiekin hitz egin dugu Euskadi Irratiko Faktorian, hastear den kanpainaz, estatuko bloke politiko berriez eta gizarteko arazo zaharrez.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Frantzian, hauteskunde legegileetarako hautagaitzen zerrenda argitaratu du Barne ministerioak. Ekainaren 12 eta 19an egingo dituzte Asanblada Nazionala berritzeko bozak eta 32 hautagai baieztatu dituzte Ipar Euskal Herriko hiru hautes-barrutietan. Horietako bat da Annick Trounday Emmanuel Macronen aldeko Elkarrekin koalizioaren hautagaia Pirinio Atlantikoetako seigarren hautesbarrutian. "Gehiengo presidentzialari eutsi behar diogu", esan du Euskadi Irratiko "Faktoria"n egin dioten elkarrizketan, "Ipar Euskal Herriko arazoak Asanblada Nazionalera eraman behar ditugu eta prest nago zeregin horretan laguntzeko".

Legealdia ardaztuko duen erretretaren erreformaz galdetuta, Troundayk premiazkotzat jo du: "Egiazko arazoa da, gero eta luzeago bizi garelako eta ez dagoelako nahikoa diru". Hori bai, erreforma sindikatuekin eta gainontzeko gizarte eragileekin negoziatzearen alde egin du, "gauzak ezin direlako modu bertikalean landu"-

Ziburuko hautetsi izateaz gain, Peio Dufau EH Bairen hautagaia da Pirinio Atlantikoetako seigarren barrutian. Goranzko joera betean, bigarren itzulira sailkatzear egon ziren abertzaleak 2017an, eta unea heldu zaiela uste du: "Parisko politikarekin haserre sumatzen da jendea, batez ere Macronekin, eta emaiza onak kateatuta espero dugu gorakada bat legegileetan ere". Etxebizitza-politika jarri du lehentasunen artean eta nabarmendu du ezinbestekoa dela "neurri fiskalak indarrean jartzea, bigarren etxebizitza dutenak zergapetzeko".

Euskara eta NUPES

Konstituzio Kontseiluak Molac legea atzera bota berritan, legealdi berrirako helburu eta erronkez aritu dira Trounday eta Dufau. Hautagai macronistak esan du presidenteak begirunea diela frantsesa ez beste estatuko hizkuntzei eta "bide berriak" urra daitezkeela parlamentuan, "Molac legeak agerian utzi duelako posible dela eztabaida mahaigaineratzea". Dufauk erantzun du Macronek bost urte izan dituela euskara eta murgiltze eredua babesteko eta "gibel eman" diola euskarari. Dufauk zein Toundrayk kezka azaldu dute, azkenik, Jean-Luc Melenchonek zuzendutako NUPES ezkerreko koalizioak euskara "gutxietsi" duelakoan. "Alderdi paristarra da eta ez ditu hemengo arazoak ulertzen", deitoratu du Dufauk.

 

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)