Tiroketa Uvalden
Rafael Anchia, ordezkari demokrata: "Ez dago dudarik, Texas armazaleen santutegi da"
MIkel Rotaetxe | EiTb Media
Uvaldeko sarraskiaren biharamunean eta Houstonen armagintzaren lobbya elkartu aurretik hitz egin dugu "Faktoria"n Rafael Anchia Texasko Ordezkarien ganberako kidearekin. Errepublikanoen aurka egin du armen salerosketa ahalbidetzeagatik: "Nazionalismo kristau zuria dago atzean".
Your browser doesn’t support HTML5 audio
2005etik Texasko Ordezkarien ganberako kide da Rafael Anchia euskal jatorriko politikari demokrata. Euskadi Irratiko "Faktoria"n elkarrizketatu dute Uvaldeko tiroketaren biharamonean eta Houstonen NRA Erreiflearen Erakunde Nazionala batzartu aurretik, eta azaldu du AEBetako hegoaldeko estatuan duten lotura arma-indarkeriarekin. "Uvaldeko sarraskia oso gogorra izan da guretzat", esan du, "herritarrentzat izugarria da horrelakoak bizi eta ikustea, eta haurrei kontatu behar izatea".
Ordezkarien ganberan armen salerosketa mugatzeko neurriak aurkeztu ditu Anchiak, baina ez dute aurrera egin, Alderdi Errepublikanoak blokeatu dituelako: "Lege proposamenak aurkeztu ditut, aurrekariak derrigorrez aztertzeko edo arma erdi-automatikoen kopurua mugatzeko, baina Errepublikanoek bidea eten diete". Nabarmendu du kontserbadorek harreman estua dutela NRArekin eta armak izatea "segurtasunarekin" dutela: "Ezkor naiz, ez dutelako jarrera aldatuko".
Iñaki Guridiren galderei erantzunez, onartu du Texas "armazaleen santutegia dela" eta, horren erakusle, NRA Houstonen batzartuko dela asteburuan. "Estatu Batuetan nazionalismo kristau zuri kezkagarria daukagu", dio, "eta guztiaren buru Donald Trump da". AEBetako presidente ohia gainditu zutela dio Anchiak, baina bere iritzia ez dela aldatu: "Armekin, banderekin eta gurutzeekin ikusten dugu, eta euskaldunontat, gerra zibilaren ondorengoentzat, sinbolo-sorta kezkagarria da".