Estuasuneko sukaldaritza
Goiz-pasa egin ondoren oilasko errea prest izateko trikimailua irakatsi digu Iker Markinezek
Garazi Urdanpilleta | EITB Media
Labearen tenporizadorea behar bezala nola erabili behar dugun azaldu digu Iker Markinezek, Ormaiztegiko Kuko jatetxeko sukaldariak.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Asteburuetan, eguraldi ona dugunean askotan izaten dugu goiz-pasaren bat egiteko plana, eta etxera eguerdian itzultzen garenerako, ez dugu janaria prestatzen hasteko ez denborarik, ezta gogorik ere. Egoera horri irtenbidea emateko, gure etxeko labearen tenporizadorea ongi erabiltzen irakatsi digu Iker Markinezek, Ormaiztegiko Kuko jatetxeko sukaldariak, "Faktoria"n. Oilasko errea prest utziko dugu goizean goiz, gure plana egin aurretik, eta gure betiko labean tenperatura baxuan prestatuko dugu oilaskoa.
Errezeta
-Etxetik atera aurretik, 09:00ak aldea, oilaskoarentzat ohea prestatuko dugu erretilu batean: tipula, piper berdea, piper gorria (juliana lodi xamarrean).
-Gainean oilaskoa jarri, gatzatuta (oliorik gabe), ur pixka batekin.
-Labea hotza dela, barruan sartu erretilua, 130 gradutan 2 ordu eta erdiz. Beraz, bi ordu eta erdira itzali egingo da.
-Tenperatura baxuan jarri dugunez, eguerdian etxera iristean, oilaskoa eginda egongo da, baina bigun eta kolore gehiegi hartu gabe. Orduan, labetik atera oilaskoaren erretilua, labearen tenperatura igo topera, eta berotu denean, sartu berriz erretilua azken gorritua emateko, eta bazkarirako bero-bero izateko.
Trikimailu horrek saiheskiarentzat ere balio dezake.