Itxi

SEASKA

Peio Jorajuria: "Datozen asteotan antolatuko dugu erantzun politikoa, azterketak euskaraz egin daitezen"

P.G. | EITb Media

Paueko administrazioak Seaskaren helegitea atzera bota ondoren, Peio Jorajuria presidenteak harreman erronda iragarri du Ipar Euskal Herriko erakundeekin erantzun politikoa antolatzeko. Jorajuriren hitzetan, Paueko auzitegiaren erabakia ez da ez juridikoa ez pedagogikoa, politikoa baizik.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Peio Jorajuria Seaskako presidenteak salatu du Estatuak ez duela azterketen zati bat euskaraz egin ahal izateko hitzarmenaren inguruan lortutako kontsentsua errespetatzen, akordio hori Ipar Euskal Herriko erakunde guztiek negoziatu eta adostutakoa izan arren. Akordio horren arabera, euskaraz egin ahal izango dute ikasleek ahozko azterketaren zati bat, baina, horretarako, aplikatu ahal izateko, epaile baten erabakia behar da eta Paueko auzitegikoak "ihes egin dio galderari, akats teknikoa argudiatuta".

Azterketei buruz Paueko administrazio auzitegiak kaleratu duen erabakia politikoa dela iritzi dio: "Ez da ez juridikoa ezta pedagogikoa ere eta ez dauka zerikusirik azterketen antolaketarekin", eta iragarri du datozen aste hauetan antolatuko direla erantzun politikoa emateko. Herri Urratsean desobedientziarako deia egin zutela gogora ekarri du. Oraintxe brebeta, zientziaren alorreko froga, egin behar duten ikasleak euskaraz egitekotan direla jakinarazi du, nahiz eta badakiten ez dizkietela azterketak zuzenduko eta nota oso txarrak izango dituztela. Irakasleei ere deia zabaldu diete, iaz bostek hartu zuten parte desobedientzia kanpainan.

Ekainaren amaieran egin behar dute Ipar Euskal Herriko ikasleek baxoa azterketa eta oraindik ez dakite zein modutan pasako duten, bi hizkuntzetan egin ahal izango duten edo osoki frantsesez.

Albisteak (1)

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)