Adostutako ezkontzak
Haleema, adostuta ezkondutako pakistandarra: "Gizarteak ez gaitu ulertzen, eta ez dute galdetzen"
OIhane Yustos | EITb Media
2019an aitak hizartutako ezkontza batean ezkondu zen Haleema Sadia Muhammad Bibi, baina aske sentitzen dela kontatu du: "Niri galdetu zidaten ezkondu nahi dudan ala ez".
Your browser doesn’t support HTML5 audio
21 urte ditu Haleema Sadia Muhammad Bibik; pakistandarra da sortzez. Duela 12 urte Euskal Herrira etorri zen, eta Agurainen bizi da gaur egun. 16 urte zituenean, lehengusu batekin ezkontza hitzartu zion aitak.
"Faktoria" albistegian kontatu du bere istorioa, baina lehen unetik argi utziz berea ez dela behartutako ezkontza bat izan. "Niri galdetu zidaten nahi nuen ala ez". 2016. urtean hasi ziren gaztearen ezkontza prestakizunak: "Lehengusuarekin ezkondu behar nuen, bi urte egin genituen, baina ez genuen ondo eraman'. Lehengusuak beste emakume batekin hasi nahi zuela esan zion, eta adostutakoa bertan behera utzi zuten. "Esan genuen ez geundela pozik, eta nire gurasoek esan zidaten ez zegoela arazorik, bizitza osorako ezkondu behar dugulako".
Lehengusuarekin harremana eten ondoren, bigarren konpromisoa hitzartu zion aitak: "Galdetu zidan eta nik gustatu zitzaidana hartu nuen". Normala jo du aitak beretzat ezkongaia bilatzea, "ezagutzen nau eta badaki zein gustu dudan", erantzun du Haleemak. Hala ere, uste du euskal gizarteak ez duela hitzartutako ezkontzen ohitura ezagutzen: "Euskal gizarteak ez gaitu ulertzen eta ez dute galdetzen. Entzuten dute hitzartutako ezkontza dela, eta nahi dutena esaten dute".