Elkarrizketa, Euskadi Irratian
Josu Etxaburu: "Pirinioetako Bidea beste mugarri bat izango da burujabetzaren prozesuan"
EITB MEDIA
Gure Esku mugimenduko bozeramailearen esanetan, ezinbestekoa da erabakitzeko eskubidearen gaineko eztabaida "berriro lehen planora" ekartzea: "Estatuek ezezkoa ematen badute, gure erantzunak baiezkoa izan beharko luke", adierazi du.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Larunbatean Gure Esku Dago mugimenduak deitutako Pirinioetako Bidea izeneko ekimena "beste mugarri bat izango da, burujabetzaren prozesuan", Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramailearen esanetan. Etxaburuk Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan izandako elkarrizketa batean adierazi duenez, ezinbestekoa da erabakitzeko eskubidearen gaineko eztabaida "berriro lehen planora" ekartzea: "Estatuek ezezkoa ematen badute, gure erantzunak baiezkoa izan beharko luke", nabarmendu du.
Larunbatean, Gure Eskuk eta Kataluniako hainbat entitate sozialek antolatuta, Pirinioetako Bidea ekimena egingo dute. Horrekin, Euskal Herriaren eta Kataluniaren arteko 300 mendi baino gehiago argituko dituzte, Euskal Herriko eta Kataluniako autodeterminazio-eskubidea inoiz baino argiago ikustea helburu. Josu Etxaburuk esan duenez, dena prest dago ekimena gauzatzeko: "Harrera izugarri ona izan du; izan ere, euskal herritarrek bat egin dute ekimenarekin", esan du. Etxabururen esanetan, 2014ko giza katearen pareko ekimena izan liteke: "Milaka pertsonak" eman dute izena. Halaber, "larunbatera arte, aukera dago izena emateko", gogorarazi du.
"21:00etarako, mendietan izango gara", zehaztu du Gure Eskuko bozeramaileak, "eta argiak 21:30-21:45 aldetik 22:30era bitartean piztuko ditugu. Ekimena zoragarria izango da", adierazi du, "bihotzetan gordetzekoa". Aipatu duenez, aukera izango da zuzenean jarraitzeko, hainbat bide erabiliz, "baina onena parte hartzea da".
Javier Lambanen adierazpenak
Javier Lamban Aragoiko presidentea kritiko azaldu da ekimenarekin, eta, ohartarazi duenez, autonomia erkidego horretako Gobernua prest dago "erantzun irmoa" emateko. Ildo horretan, Josu Etxaburuk esan du Gure Esku ez dela eztabaida horretan sartuko: "Lambanek uste badu mendietan erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea legez kanpo dagoela, berak du arazoa", argudiatu du. "Mendia", jarraitu du bozeramaileak, "leku ederra da, aukera ederra ematen du" honelako ekimenak egiteko, "eta eztabaida horri ez diogu garrantzirik emango".
Testuinguru horretan, Etxaburuk adierazi duenez, Gure Eskuren "irakurketa" da "erabakitzeko eskubidearen eztabaida lehen planora ekarri behar dela" berriro: "Paradigma-aldaketa" gauzatu behar da, Etxabururen esanetan, "eta herri hausnarketa egin", herritar guztiek hitza har dezaten.
"Estatus politiko berriaren kontua, hainbat arrazoi tarteko, ez gara gai izan errematatzeko", nabarmendu du. "Autogobernu-ponentziak bidetxoa egin du, bukatu gabe dago. Herritarrok parte hartu behar dugu; XXI. mendeko Europan, Estaturik gabeko nazioek badute zer esana, eta guk ere bai", esan du.
Eskozian, Nicola Sturgeon ministro nagusiak data jarri du, 2023ko urriaren 19a, independentzia-erreferenduma egiteko bigarren aldiz. Etxaburuk gogora ekarri duenez, "askok diote adostutako erreferendumak ezinezkoak direla, baina orain arte izan denak ez du zertan izan etorkizunean. Guztiok egin behar ditugu ahalegin guztiak; Estatuen erantzuna ezezkoa bada, guk baiezkoa eman beharko genuke", adierazi du, "herri-gogo honi erantzuna emateko".
Amaitzeko, Etxaburuk aipatu du deialdi berezia dagoela Jaizkibel mendian; izan ere, autobusak izango dira bertaratzeko, behar duenak erabil ditzan. Jaizkibel izango da Euskal Herriko lehen gailurra, larunbateko ekimenean.