Amiantoaren biktima
Mari Karmen Mendizabal: "Mediku batek galdetu zion inoiz amiantoarekin lan egin zuen; mundua erori zitzaion"
P.G. | EITB mEDIA
Luis Sukia duela urtebete hil zen amiantoak eragindako minbizi baten ondorioz. Mari Karmen alargunarekin eta Itxaro alabarekin mintzatu gara bizitakoaz eta aste honetan Kongresuan amiantoaren biktimentzako funtsa onartzeko egingo den urratsaz. Haiekin eta Jesus Uzkudun ASVIAMIEko kidearekin.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Mari Karmen Mendizabalek eta Itxaro Sukiak amiantoaren biktimentzako funtsa osatu dadin emandako pausoak albiste ona direla iritzi diote, baina, halare, zuhur mintzatu dira: "Mina pixka bat arintzen laguntzen du baina ikusko da noraino iristen den eta nola kudeatzen duten". Luis Sukia senarra eta aita, iazko abuztuan hil zen, mesotelioma minbizia diagonostikatu eta 9 hilabetera, lan gaisotasuna aitortu ziotela jakin gabe.
"Oso hasieran jakin genuen amiantoak eragindako minibizia zela. Gero kontua zen non kutsatu zen eta noiz argitzea, hori zen klabea ingurukoak ere kutsatuta egon zitezkeen ikusteko", dio Itxarok. Gerora jakin zuten duela hamarnaka urte lantoki izandako fundizioan kutsatu zela.
Eta bigarren kolpea, heldulekurik gabe gelditu zirela ezer erreklamatzeko: "Ez geneukan nora jo edo nori errua bota, enpresak ordurako urteak zeramatzalako itxita. Guk ikstarazi nahi izan genuen zer gertatu zen, han lanean ibilitakoek osasun azterketak egin zitzaten, gaitza ote zuten argitzeko eta behar izanez gero, tratamendua garaiz jartzeko. Ikustarazi nahi genuen jabetzeko enpresa horretan zer gertatu zen eta beste enpresa asko ere egoera berean daudela eta borrokatu eign behar dutela ohartzeko".
Unea, latza izan zen. Mari Karmenek kontatu du medikuek argi hitz egin zietela: "Zuk amiantoarekin lan egin duzu? Mundua erori zitzaigun; lehendabizi Luisi, berak inoiz ez zuelako hori pentsatuko. Eta biopsiaren emaitzekin ere oso argi hitz egin ziguten: bi fronte dauzkazue orain, bat osasuna, minbizia bera eta bestea, judiziala, esan ziguten". Borroka horretan, ASVIAMIE Euskadiko aminatoaren biktimen elkarteak lagundu die.
Jesus Uzkudun elkarteko buruaren hitzetan ikusi egin beharko da aste honetan Kongresuko batzordeak onartuko duen funtsaren osaketak Mari Karmen eta Itxaro bezalako biktimak haintzat hartuko dituen baina uste du, aurrera pausoak eman direla funtsaren osaketan: "Ez nago oraindik altxaferoak botatzeko, ikusi egin beharko da azkenean zein den funtsa aplikatzeko araudia, noiztik hasita onartuko diren biktimak edo zenbateko kalte ordainak jasoko dituen, baina aurrera pausoak eman ditugu". Bide batez, salatu du autonomo asko dagoela baldintza berdintsutan lan egin duena, baina lan gaxsotasuna aitortu gabe. Gaur egun, amiantoaren biktimen Euskadiko zerrendan 12 mila lagun daude.
Amaitzeko, Mari Karmenek, Luis Sukiaren alargunak hauxe eskatu du: "Gaixo dagoen jendeari, behin adin batera iritsita, batez ere, non egin duten lan galdetzea medikuek edo enpresako osasun azterketak egiterakoan. Horrek aukera eman dezakeel bizitza beste modu batera eramateko. Guretzat honezkero ez, baina beste batzuentzat auekra izan dadin".