Estuasuneko sukaldaritza
Tomatea, Ibarrako piperrak eta hegaluzea erabiliz, plater bikaina ekarri digu Iker Markinezek
Garazi Urdanpilleta | EITb Media
Garaiko produktu erabilienetako hori hartu ditu Iker Markinezek, eta Ormaiztegiko Kuko jatetxean prestatzen duten errezeta azaldu digu.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Garaiko hiru produktu ezagun eta erabilienetakoak dira tomatea, Ibarrako piperrak eta hegaluzea. Iker Markinez sukaldariak, gaurkoan, Ormaiztegiko Kuko jatetxean osagai horiek erabilita prestatzen duten plateraren sekretua kontatu digu "Faktoria"n.
-Tipula julianan moztu, eta olio txorrotada batekin zartaginean goxatu 30-40 minutuz.
-Tomate gorri ale batzuk hartu eta zuritu. Zuritzeko trikimailua: ura irakitzen jarri, tomatea bertara bota ipurdian x bat eginda eta bihotza kenduta. Sartu eta 10 segundora, ur hotzeko ontzi batera pasatu. Xaflatan moztu eta erretilu batean zabalduta jarri.
-Hegaluzea xaflatan moztu (1,5 -2 cm). Zartaginean frijitu, denbora gutxi, barruan kolore arrosa mantenduta.
-Ibarrako piperrak frijitu oliotan. Sukaldeko papera jarri erretilu batean eta bertan utzi pixkatean.
-Tomateari gatz pixka bat bota. Gainean tipula jarri, gainean hegaluzea, eta gainean tomatea.
-Oliozpindu, eta platereratu. Gaineran, Ibarrako piper batzuk jarri gatz pittin batekin.