Itxi

Gipuzkoako Ogasun diputatua

Jokin Perona: "Inbertsioa eta finantzaketa etortzen ari dira Gipuzkoara. Zerga sistema ez da oztopo"

JOne Larrañaga | EITB Media

Gipuzkoako Ogasun diputatuak adierazi du jarduera ekonomikoa indartsu dagoela Gipuzkoan. Esportazioak errekorrean daudela, langabezia jaitsi egin dela eta horrek zerga sarreretan eragin garrantzitsua duela. Aurrekoen aldean, krisiari aurre egiteko "abiapuntu egokiagoan gaudela" iritzi dio.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Jokin Perona Gipuzkoako Ogasun diputatuak lurraldeko zerga sistema defendatu du eta ukatu egin du, Madrilen aldean, adibidez, enpresek erakargarri jotzen ez dutenik Gipuzkoan inbertitzea. "Aitzindari diren sektoreak, pertsonak, inbertsioa eta finantzaketa etortzen ari dira Gipuzkoara. Zerga sistema ez da oztopo", adierazi du "Faktoria"n egindako elkarrizketan.

Alde horretatik, lurraldeko ekonomiaren indarra azpimarratu du Peronak eta inflazioaren gorakadaren eraginari aurre egiteko moduan daudela iradoki du. "Jarduera ekonomikoa indartsu dago Gipuzkoan. Esportazioak errekorrean daude, langabezia jaitsi egin da eta, covid osteko familien aurrezki maila ona da", esan du.  "Aurrekoekin alderatuta", erantsi du, "krisiari aurre egiteko abiapuntu egokiagoan gaude". Horrek denak zergetan eragina duela jakinarazi du, eta asteazken honetan egingo duten errenta aitorpenaren kanpainaren balantzean "normaltasuna" azpimarratuko dutela aurreratu.

200 euroko txekea eta garraioko murrizketa gauzatzeko, "lanean"

Horrez gainera esan du "lanean" ari direla Espainiako Gobernuak iragarri dituen 200 euroko txekea eta garraio publikoaren % 50eko murrizketa nola aplikatu argitzeko. Garraioari dagokionez, Peronak aurreratu du, Jaurlaritzak eta Bizkaiko Aldundiak bezala, Gipuzkoak ere "borondatea" duela Lurraldebus autobusetan murrizketa hori gauzatzeko. Irizpideen zain, "datozen egunetan" hartuko dute erabakia.

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)