Zarata, kutsadura isila
Mikel Gonzalez Vara: "Zenbat eta auto gutxiago sartu gure hirietan, orduan eta kutsadura akustiko txikiagoa"
P.G. | EITB Media
Zarataz eta zaratak eragiten dituen kalteez hitz egin dugu gaur "Faktoria"n. Zeintzuk dira kutsadura akustikoaren eragile nagusiak? Nola aurre egin aisialdiak eta trafikoak sortzen duten gehiegizko zaratari? Zein neurri dira eraginkorrak XXI. mendeko kutsadura isilari muga jartzeko?
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Trafikoa da gure herri eta hirietako zarata sortzaile handiena eta errudun nagusia ibilgailu pribatua. Mikel Gonzalez Vara Bilboko udaleko ingurumen zuzendariordea da, eta gertutik ezagutzen ditu mugikortasunari lotuta dauden arazoak ,eta kutsadura akustikoari aurre egiteko hartzen ari den neurriak. Gonzalez Varak argi du "auto pribatua dela kutsatzaile nagusia. Bilbora lanera datorren jendearen % 30 bere kotxean etortzen da. Bostetik hiruk gainera doan aparkatzen dute. Horrek esan nahi du berdin jokatzen jarraituko dutela".
Trafikoak eragiten duen kutsadura akustikoa murrizteko neurri eraginkorrena gehienezko abiadura 30 km/h-ra mugatzea dela adierazi du, eta "irailean ezagutuko dugun Bilboko zaraten mapak erakutsiko du hori". Eta horrekin batera, hiriaren berdiseinua, erdigunea oinezkoentzako gune bilakatuz, errepideak estutuz eta norabide bakarrekoak jarriz... Garrantzitsuena, Gonzalez Vararen hitzetan, hauxe da, "Ahalik eta kotxe gutxien sartzea hirian, orduan eta kutsadura akustiko txikiagoa izango dugulako".
Aisialdiak sortzen duen zarataz eta arazoaz mintzatu zaigu bestalde, Marta Barandiaran, Donostiako Parte Zaharrean Bizi elkarteko kidea. Salatu du pandemia eta gero arazoak bere horretan jarraitzen duela, jendea kalean pilatzen dleako, terrazatan eta tabernen napokaldean eta goizaldeko ordu txikiak arte, jasanezina delako sortzen den hotsa. Donostiako udalak maiatzean kaleratutako ordenantza berriak ez dituela asetu salatu du besteak beste ez duela Alde Zaharrarentzat babes akustiko bereziko zonalde izendapena jaso: "Udalak abandonatu gaitu, ez digute kasurik egiten eta ostalaritza ere, ez dut uste prest dagoenik orduak mugatu eta etekinak murrizteko".
Azkenik, zaratak osasunean eragiten dituen kalteez mintzatu zaigu Xabier Altuna otorrinolaringologoa eta Donostia ospitaleko arlo horretako atal burua. Zarata ikusi eta ukitzen ez den arren, inguratzen gaituela adierazi du eta ohartarazi du gero eta gehiago zabaltzen ari direla entzumen arazoak jendearen artean, gero eta gehiago gazteen artean, aurikularren eraginez. Baina bestelako gaitzekin ere zerikusia baduela adierazi du: "Lo egiteko arazoak, estresa, arazo kardiobaskularrak, konzentratzeko arazoak haurren artean... Isiltasunaren balioaz eta gure belarriei atseden ematearen beharraz mintzatu zaigu "Faktoria" saioan.