Itxi

Unai Pascual, BC3ko ikerlaria

"Klima aldaketa hemen ere gertatzen ari da, errealitatea da eta ez amets txar bat; esnatu behar dugu"

P.G. | EITB Media

BC3ko ikerlariak gidatu du Nazio Batuen bioaniztasun panelak osatu duen azken txostena. Bertan, erabaki politikoak eta ekonomikoak hartzerakoan naturaren balio anitzak aintzat hartzea defendatzen da eta ez soilik, "natura fabrika baten modura ulertzera garamatzatenak".

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Unai Pascualek azaldu duenez, jakin badakigu klima larrialdian murgilduta gaudela bete-betean, baina baita bionazitasun globalaren galera batean ere. Horren atzean dago "natura fabrika baten modura erabiltzea", epe laburrean etekinak lortzeko eta hazkude ekonomikoa bermatzeko. Egoerari aurre egiteko ulermen modu berriak behar ditugula aipatu du: "natura zer den, zertarako den, nola gauden gu naturan txertatuta aztertu behar dugu eta galdetu, natura fabrika bat den ala gu geu natura garen edo naturatik at ote gauden... Bada garaia galdera hauek eztabaida publikoan txertatzeko."

Nazio Batuen bionaiztasunari buruzko panelak kaleratu duen azken txostenaren arabera, ezinbestekoa da erabaki ekonomikoak eta politikoak hartzerakoan naturaren balio ez instrumentalak aintzat hartzea klima larrialdiari eta krisi globalari aurre egiteko: "Ekonomiaren hazkundea bermatzeko natura fabrika baten modura ulertu dugu, baina naturak bere zikloak ditu, eta agortu liteke". Natuaren beste balioak dira, Pacualen hitzetan, balio intrinsekoak, naturak bakean uzteko duen eskubideari buruzkoak eta harreman balioak, gu garena ulertzeko naturarekin dugun harremana balioan jartzen dutenak: "botere guneetan badira erremintak, eta, batez ere, aurrekontuak.  Nola erabiltzen ditugun, zertarako eta zein estrategien arabera... errotik alda daitezke gauzak".

"Gero eta bortitzagoak izango dira, eta ondorioak kaltegarriagoak izango dira guretzako eta gure seme-alabentzako"

Gauzak aldatzearen premia erakutsi digute, BC3ko ikerlariaren esanetan, oraintxe jasaten ari garen beroaldi eta suteak: "Hau ez da amets txar bat, errealitatea da, eta hori barneratzen ez dugun bitartean, etxeko lanak gero eta beranduago egingo ditugu, gero eta okerrago, eta horrelakoak gero eta bortitzagoak izango dira, eta ondorioak kaltegarriagoak izango dira guretzako eta gure seme-alabentzako". Ohartarazi duenez, "jendeak klima aldaketa badagoela jakin arren, ez dago prest beren bizimodua aldatzeko, eta, horregatik, horrelako suteek txipa aldatzeko balio badute, gaitzerdi. Esnatu egin behar dugu".

Europako Batzordeak C02 emisioen muga lausotzeko hartu dezakeen erabakiaz, Unai Pascualek uste du kontraesan izugarri batean hondoratuta gaudela: "Klima aldaketaz hitz egiterakoan, errekai fosilen erabilera eta beste gai geoestrategikoak ezin dira modu independentean eztabaidatu. Erregai fosilekiko mendekotasuna apurtu behar da, ez soilik Errusiarekiko kasuan, baita Saudi Arabia, Aljeria edo Estatu Batuekiko ere. Ez da herrialde batek sortutako egoera, gure egitura ekonomikoarne oinarrizko arazoa baizik".

  

    

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)