Itxi

Kultura eta Ingurumena

Guggenheim-Urdaibai: Bultzada, batzuren irudiko; natur-balioa hondatuko duen turismo eredua besteendako

Bizkaiko Diputazioak proiekturako bideratu duen diru partidak eta Madrilekin sinatutako protokoloak Urdaibaiko erakunde eta herritarren artean kontrako iritziak sortu ditu; bi ereduren arteko talka ekarri du, berriz ere, egitasmo berriak

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Orain astebete dela, San Inaziotako harrera instituzionalean iragarri zuen Unai Rementeria ahaldun nagusiak Bizkaiko Foru Aldundiak 40 milioi euro prest dituela Urdaibain Guggenheim berria eraikitzea helburu duen egitasmora bideratzeko. Aurrekontu horiei, iragarri zuenez, Europako funtsetatik etorritako diru gehiago ere batuko zaio, Espainiako Gobernuko Transizio Ekologikorako ministerioarekin hitzarmena sinatuta. Euskadi Irratiak protokolo horri buruzko xehetasunak jaso ditu Madrilgo gobernutik. Ez du laguntza ekonomikoari buruzko zehaztapenik jasotzen. Bai argitu dute protokolo horrek zein duen helburu nagusia: Bi erakundeek proiektua bultzatzen dutela adieraztea. Ministerioaren arabera, Gizakia eta Biosfera izeneko programaren xedearekin bat egingo luke Guggeheim Urdaibaira zabaltzeko proiektuak: sustatzen duelako, diotenez, garapen ekonomikorako proposamen berritzaile bat eta egokia delako gizartearen, kulturaren eta ingurumenaren aldetik.

Protokoloak zehazten du bi aldeek batera egingo dutela lan ingurumenaren ikuspegitik, eta batera lan egingo dutela, baita ere, babes ekonomikoa lortzeko, gainontzeko erakunde publikoekin eta baita proiektuan interesa duten gainontzeko erakunde pribatuekin ere. Asmo baten iragarpena da, beraz, baina zenbatekorik ez. Europako funtsen aipamenik ere ez du egiten. Gogoratu behar da dugu iaz aurkeztu zuten proiektuak 127 milioi euroko aurrekontua zuela. Eta 80 euro espero zituztela orduan Europako funtsetatik.

Doro Zobaran Zain Dezagun Urdaibai elkarte ekologistako ordezkaria. Argazkia: EITB Media

Protokolo honek eta Diputazioak jarriko dituen lehen 40 milioi horiek proiektua gauzatzetik gertuago ikusten ote duten galdetu dugu Urdaibain. Julen Karrion Muruetako alkatea itxaropentsu mintzatu da eta iritzi dio herritarren bizi kalitatearen onerako izango dela egitasmoa. Euren herria biosferaren erreserbaren bihotzean dagoela gogora ekarrita, azpimarratu du erabat siniesten duela naturaren kontserbazioa eta sustapen ekonomikoa bateragarri izan litezkeela. Kontrako iritzia agertu du, ordea, Doro Zobaran Zain Dezagun Urdaibai elkarte ekologistako ordezkariak. Azaldu du, finantziazioarekin baino lehenago, proiektu honek legearekin egingo duela talka eta uste du eskualde horretarako historikoki aurkeztu izan diren beste hainbeste proiektu bezala, hau ere ez dela gauzatuko.

Audioak (1)