Inaxio Oiartzabal, SARE
"Zaila da epeak jartzea baina esperantza dugu urte bukaerarako preso guztiak Euskal Herriko bidean egoteko"
P.G.
SAREko bozeramaleak salatu du presoen % 70ak hirugarren graduan beharko lukeela baina Auzitegi Nazionaleko fiskaltza oztopoak jartzen ari dela etengabe, legeak aginten dituen baldintzak bete arren.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
"Etxera bidea gertu" lelopean Donostia eta Bilboko Aste Nagusietan egindako manifestazioen inguruan, irakurketa baikorra egin du Inaxio Oiartzabal Sareko ordezkariak, "Faktoria"ri eskainitako elkarrizketan jasotako babesaz. Datuak ere eman ditu, 48 dira Espainiako espetxeetan Euskal Herrira ekartzeko zai daudenak eta beste 18 inguru Frantziako espetxetan: "Aurrera pausoak eman dira eta etxera bidea gertu dago, baina asko geratzen da egiteko; esate batera, salbuespenezko neurriekin amaitzeko".
Kontuan hartuta espainiar Estatuan hauteskunde orokorrak egongo direla datorren urtean, "esperantza" du azken hilabetetan presoak Euskal Herirratzeko falta diren pausoak emateko, eta "behin Euskal Herrian, bide hori eginda, progresio bidea zabaltzea eskari berririk egiteko beharrik gabe". Salatu du, Auzitegi Nazionaren fiskaltzatik bereziki (baina ez bakarrik), gradu progresioa egiteko baldintza guztiak betetzen dituzten presoen kasuetan errekurtsoak jartzen ari direla etengabe. Halaber, uste du datorren urteko hauteskunde giroak ez duela mesederik egingo presoen auzia elkarri mokoka aritzeko erabiltzen dutelako alderdi politikoek, "tamalez baita Euskadin zein Nafarroan ere".
Onartu du Jaurlaritzak espetxeen kudeaketaren eskumena izateak etxerako bidea erraztu duela eta, etorkizunean, erronka bide horretan sakontzea ere aipatu du; batez ere gradu progresioari dagokionez.
Urriaren 8an du Sarek hurrengo hitzordua, Donostian, Izan Bideadinamikari amaiera emateko jai giroko ekitaldia: "Egun horretan irudikatu nahi dugu eta balioan jarri guztiok elkarrekin egindako lana".