Elkarrizketa
Erkorekak "bultzada politikoa" eskatu dio Espainiako Gobernuari egin gabe dauden transferentziak gauzatzeko
N. B. | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, eskumenetan dauden zailtasun juridikoak "aitzakia" dira, eta "ez dute transferentziak oztopatzeko balio".
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Josu Erkoreka lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak "bultzada politikoa" eskatu dio Espainiako Gobernuari Gernikako Estatutuaren eskumenak Euskadira transferitzeko.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan azaldu duenez, azken egunetan ez da "aurrerapausorik" eman egiteke dauden transferentziak burutzeko prozesuan, nahiz eta "borondatea erakusten duten adierazpenak" egon.
Halaber, nabarmendu duenez, zenbait eskumen Euskadira transferitzeko egon daitezkeen zailtasun juridikoen "aitzakia" ez da oraingoa, "betidanik entzun baitut parte hartu dudan transferentzia-prozesuetan, eta ez baitu balio transferentziak oztopatzeko".
Zentzu horretan, "Gernikako Estatutua beste belaunaldi batekoa dela eta ondoren agertu diren gai asko ez dituela aurreikusten entzutera iritsi naiz", adierazi du. Bere esanetan, horrek esan nahi du "ez dakitela nola funtzionatzen duen Estatuaren eta autonomia-erkidegoen arteko eskumen-banaketak".
Erkorekaren esanetan, "ikusiko dugu irailean zerbait gauzatzen den". Eusko Jaurlaritza "zain eta prest" dago, "zerbait oinarrizkoa eta onartzeko modukoa planteatzen bada, bilera egin eta sinatu dezagun sinatu beharrekoa".
2022an, orain arte, gora egin dute sexuaren askatasunarekin zerikusia duten eta internet bidezko delituak. "Bai 2021 eta 2019rekin alderatuta, bi delitu mota horietan gorakada nabarmentzekoa da eta arreta berezia eskaintzen ari gara", azaldu du.
udako festen balantzea "uste baino hobea izan da". Izan ere, "jakinmina zegoen zer nolako portaera ikusiko genuen jaietan, baina 2019ko joerara joan gara berriro, portaera berdin antzekoarekin". Erkorekak azpimarratu duenez, hasiera batean "egoera okertzeko beldur hori ez da gauzatu eta 2019ko dinamikara bueltatu gara". Ildo horretan, "normalak diren delitu ratioetara heldu garela" zehaztu du.
Halaber, uda honetan izandako ziztaden inguruan galdetuta, Erkorekak esan du "aurtengo berezitasuna izan dela" fenomeno hori eta kezka sortu duela, ez zekitelako "nondik zetozen eta zer bilatzen zuten". Hala ere, "protokolo zehatz eta sakon bat egin ondoren, kasu guztiek jarraipena izan dute, eta kriminalitatearen ikuspegitik atera dezakegun ondorioa da ez dugula ezer lortu, emakumea beldurtzea baino".
Delitu horiek gorroto-delitu gisa izapidetzeko aukerari dagokionez, bozeramaileak adierazi du Ertzaintzak eta epaile bakoitzak bere kalifikazioa egiten dutela, eta "lehen ikuspegitik heldu ziotela, kasu bakoitzean zuen dimentsioa ikusteko". Ildo horretan, "ikerketek ez dute gauza askotarako eman, ez baita atxiloketarik izan", gaineratu du. "Ziztadak egon direla ziurta dezakegu, baina ez ditugu aurkitu ziztatzen, bultzatzen edo antolatzen dutenak", gaineratu du.
Bestalde, Udaltzaingoak armak eramateko aukeraren inguruan, Erkorekak esan du une honetan eztabaidatzen ari direla udaleko koordinazio-batzorde batean. Izan ere, gogorarazi du hainbat epaileren epaiek behin eta berriz azpimarratzen dutela udaltzainek ere armak eraman behar dituztela. "Batzorde hori arduratzen da nola koordinatu eztabaidatzeaz, eta hortik ateratzen dena dekretu bidez bideratuko da Legebiltzarrean", gaineratu du. Era berean, esan du "udaltzaingo guztiek ez dutela maila bera, batzuetan polizia-kidegoetan antolatuta daudelako, eta, beraz, arau horrek ez du eragin bera izango udalerri guztietan".