Kargatzen...
Itxi

Gipuzkoa

Aintzane Oiarbide: "Kamioilarien peaje honek ez du atzera bueltarik"

Garazi Urdanpilleta | EITb Media

Europako Batzordeak oniritzia eman die Gipuzkoako Foru Aldundiak kamioilariei ezarri nahi dizkien bidesariei. Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Azpiegitura diputatuak balorazioa egin du, eta nabarmendu du peaje horrek ez duela atzera bueltarik izango.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Gipuzkoako Foru Aldundiak N-1 eta A-15 errepideetan kamioiei arku bidez ezarri nahi dien bidesariei oniritzia eman dio Europako Batzordeak. Aintzane Oiarbide Azpiegitura diputatuak lehen balorazioa egin du "Faktoria"n, eta azpimarratu du kontu horrek ez duela atzera bueltarik. "Ia Europa osoan egiten dituzten politikak dira, kutsatzeagatik eta lurzorua hondatzeagatik ordaindu egin behar dute. Bizkaiak datorren urtean indarrean jarriko du, Nafarroak ere bai eta Araba bide beretik dator, eta Europako Batzordeak ere Espainia behartu du horretara. Ez dauka atzera bueltarik honek", adierazi du.

Ez da Europako Batzordeak foro arauari argi berdea ematen dion lehen aldia. Aurrekoarekin, 2018koarekin ere, onarpena jaso zuen. Espainiako Justizia izan zen arau hura atzera bota zuena garraiolarien eskariari erantzuna emanez, diskriminatzailea zela argudiatuz. Oraingo arauan, berriz, ez dagoela horretarako zirrikiturik azpimarratu du Oiarbidek, denei kobratzen baitzaie N-1 eta A-15 osoan, eta, beraz, ez baitago diskriminazioaren argudioa baliatzerik.

Tarifa bera izango dela aurreratu du: 0,22 euro 3,5 eta 12 tona arteko kamioientzat eta 0,28 pisutsuenentzat. "Orain deskontuak lantzen ari gara, eta urte bukaeran aurrekontuen foru arauan sartuko dira", nabarmendu du.

Albisteak (3)

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)