Gas eta argindar fakturak
'Salbuespen iberiarra konpentsatzeko garestitu da argindar faktura, baina halare gutxiago ordaintzen ari gara'
OIhane Yustos | EITb Media
Andoni Arroitajauregi eta Xabier Sesma energia aholkulariek gure argindar eta gas fakturak ulertzeko gakoak eman dituzte, eta merkatuan dauden aukerei buruzko xehetasunak azaldu dituzte.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Zenbatetan entzun dugu 'asko garestitu da energia faktura'? Baina, ba al dakigu zergatik? Ulertzen al ditugu kontzeptuak?
Kontratu mota argitzea da lehen lana: merkatu arautuan ala librean ote gauden jakiteko eta ondoren, erabakiak hartu ditzakegu. Fakturan bertan ikusi dezakegu hori, enpresa hornitzailearen ondoan. Orriaren goiko aldean, ezkerretara 'TUR edo PVPC siglak azaltzen badira orduan merkatu erregulatuan ariko gara', ezer agertzen ez bada, merkatu askean gauden seinale da. Xabier Sesma eta Andoni Arroitajauregik eman dizkigute azalpenak "Faktoria"n. Energia aholkulariak dira, Sesma Oarsoaldea Garapen Agentziako bulegoan eta Arroitajauregi Irungo Udalak jarri duen zerbitzuan. Urte eta erdi inguru daramate lan horretan baina, azken hilabeteak bereziki lanpetuak izan dira, 'zurrunbilo egoera betean' gaudelako. Kontsultak asko handitu zaizkie, '50-70 urteko adinekoak eta emakumeak' dira batez ere fakturak eskutan hurbildu zaizkienak eta nola aurreztu litekeen jakin nahi dutenak.
Gasa, errazagoa
Erraz ulertzen da gas kontsumoa kobratzen duen faktura eta ez dute zalantzarik, biek gomendatu dute 'merkatu erregulatu edo arautura pasatzea'. Gaur gaurkoz, erregulatuan 6 zentimoan ordaintzen da kilowatt ordua, "eskaintza onena denean ere, bikoitza ordaintzen da merkatu askean". Bestelakoa da argindarraren kasuan.
Ez dago erabaki argirik, "egunero aldatzen dituzte baldintzak eta gaurko balio duen aholkuak, biharko ez du balio". Merkatu askea orohar merkexeagoa da kontsumo- prezioari dagokionez baina, aldaketa gehiago izaten ditu eta gainean egotea komeni da. Hainbat kontzeptu argi izan behar dira: potentzian merketu liteke baina gutxi, BEZ-a eta neurgailuaren alokairua beretsua da guztientzat beraz, kontsumoarengatik ordaintzen denean merketu liteke.
Salbuespen iberiarra
Kontsumitzaile asko jabetuko ziren azken hilabeteetan gastu gehiagarri bat ezarri dietela. Salbuespen iberiarragatik ordaintzen duguna da. Apirilean sartu zen indarrean eta etxe bakoitzaren kontsumoaren arabera kobratzen den extra da. 40 bat euro izatera iritsi da kasu batzuetan eta horrekin dezente garestitu zaio faktura askori; baina, halere, bi adituek nabarmendu digutenez, 'salbuespen iberiarra ezarri dutelako dagokiguna baino gutxiago ordaintzen ari gara'. Xehetasun bat kontuan hartu behar da: apirilean sartu zen indarrean salbuespen iberiarra eta data horren aurretik kontratua berritu zuten kontsumitzaileek ez dute oraindik ordaintzen, 'kontratu berria egiterakoan ezarriko diete'. Beraz, aholku garbia eman dute bi energia adituek: 'Ez aldatu kontratua. Kontsumoarengatik gehiago ordaintzen baduzu ere, ez ukitu tarifa, kontratu berriarekin gastu estra hori ezarriko dizute'.
Galdara komunitarioak
Gasaren prezioari muga jarri dio Espainiako gobernuak baina, komunitate-galdara dutenei eraikinetan ez dute ezarri eta horrek ondorio zuzena du, ''hirukoiztu edo laukoiztuko zaie faktura abenduan, kontsumo handiena duten hilabeteetan'. Egoera horretan dauden bizilagun eta finka-administratzaileekin hitz egin dugu.