Sexu askatasunaren legea
Nekane San Miguel: "Asko mindu nau sexu askatasunaren legeari buruz indarrak alde punitiboan jartzeak"
JOne Larrañaga | EITb Media
Legearen helburua prebentzioa eta heziketa izanik, penaz ikusi du nola ez duen lortu estereotipoetatik eta punitibismotik harantzago jotzea: "Bai soilik da bai slogana ez ote duten lege bihurtu", adierazi du epaileen genero fomaltzaile izandako magistratu erretiratuak.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Nekane San Miguel magistratuak aurten hartu du erretiroa. Arlo juridikoan duen eskarmentutik eta epaileen genero formatzaile gisa izan duen esperientziatik mintzatu da "Faktoria"n, 10/22 lege organikoaz, 'bai soilik da bai' ezizenez ezagun egin denari buruz. Izenetik bertatik sexu askatasunaren bermerako legea dela gogoratu du eta prebentzioan legeak egiten duen indarra nabarmendu. Baina iruditzen zaio, era berean, legearen hainbat puntuk indar hori lausotu egiten duela eta estereotipotan erortzen dela. "Bai soilik da bai slogana ez ote duten lege bihurtu", iritzi dio. San Miguelek azaldu du, adibidez, harremetan baietza eman duela frogatu egin behar duela emakumeak eta horrek tipologia bat markatzen duela. "Aukera bat galdu da, fokua egitateetan, gertakarietan jartzeko eta, berriz ere, emakumearengan jarri da", adierazi du.
Tristuraz eta, are, minduta ikusi du, baita ere, nola jarri den indarra legearen alde punitiboan. "Punitibismoa erabat ezarria dago gure gizartean. Eta gezur handi batean dago oinarrituta; zigorrak gogortuz arazoak ez dira konponduko". Are eta gehiago, "gogoratu behar dugu zigor gogorragoak jarrita eta berme faltak gizarte osoari egiten diola kalte".
Alde horretatik, argi mintzatu da zigortuarentzat onuragarriena den legea aplikatzeko derrigortasunari buruz. Printzipio konstituzionala dela gogoratu du eta litzatekeela nahikoa legeari xedapen gehigarri bat gehitzea edota legea aldatu eta zigorrak gogortzea. "Indarrean egon den legea izanik aplikatu beharrekoa da printzipio hoi", esan du eta zera gaineratu: "Epaileek obligazioa daukate kasu guztiak berriskusteko; nire ustez, ofizioz".