Otsoen erasoak, ugaritzen
Otsoen erasoen gorakada, 'Faktoria' saioan
Ane Zuazubiskar | EiTB MEDIA
Ugaritzen ari dira gurean otsoak egindako erasoak. Bizkaiko Foru Aldundiak emandako datuen arabera, 2022an otsoen 38 eraso zenbatu zituzten Bizkaian, eta eraso horietan, 50 animalia baino gehiago hil zituzten otsoek.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Azken urteetan gora egin dute erasoek, baina iaztik hona, seikoiztu egin dira erasoak. Espezie babestua da otsoa, eta beste animalia basati batzuekin ez bezala, ezin da uxaldirik egin. Urtea hastearekin batera onartu du aldundiak bestelako neurriak diruz laguntzeko araua.
Abeltzainak gero eta larriago, azaldu digute behorrei eta moxalei ere eraso egin diela erasoek, eta gero eta gehiago gerturatzen dela baserrietara ere. Bizkaian iaz zenbatutako erasoen erdia baino gehiago Karrantza haranean izan dira. Izan ere, Euskal Herrian Arabara eta Bizkaira iristen dira otsoak, batez ere Kantabriatik, Burgostik edo Errioxatik… Eta joan-etorri horrek bidegurutzean du Karrantza. Azken asteotan egunero zenbatu dute erasoren bat. Raul Palacios Karrantzako alkateak eta Xabi Monduate artzainak eman digute bertako berri. Udaberritik hona ugaritu direla otsoek egindako erasoak, nabarmen, eta horregatik uste dute bertako abeltzainek hiru edo lau otso badirela inguru horretan dabiltzanak.
Espezie babestua izaki, bestelako neurriak jarri ohi dira. Artzain elektrikoak jartzeko edo mastin txakurrak erosteko diru-laguntza lerro berria onartu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Arantza Atutxa Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza zuzendariak eman ditu azalpenak.
Javier Campo Zeanuriko artzainak azaldu du 12 ardi "ostu" dizkiola aurten otsoak... Gorbeian izaten ditu ardiak Campok... Karrantzaren atzetik, bertan zenbatu dira eraso gehien.
Eta lehendik ere elkarrengadik urruti bazeuden, talde ekologistak eta nekazarien elkarteak are gehiago aldendu ditu erasoen gorakadak. Aitziber Ugarte Euskadiko OTSO elkarteko kideak eta Iñigo Bilbao ENBAren Bizkaiko idazkariak azaldu dituzte haien argudioak.