Itxi

Lehortea

"Gehien lantzen duenak galtzen du gehien"

Jone Larrañaga | EITB MEdia

Erriberako lehorreko soroetan zekale uzta galdua da dagoeneko eta Lizarrerrian landatuta dagoena, idortuta. Orbaibarreko mendietan, larreak horitzen ari dira dagoeneko. Erori den euria ez da deus.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Otsailetik tantarik ere ez, errepideetako hautsa garbitzeko ere apenas. Eta soroak, idortuta. Tuterako lehorreko lurretan zekale uzta erabat galdu dute nekazariek. Arantzazu Aldanondo eta haren alaba Maite del Alamok erakutsi dizkigute Bardea inguruko euren eremuak: orain belauneraino luze eta berde behar luke gariak. Horituta dago dena, ordea. Inguru hartan ohitua daude garai lehorretara baina halako negurik ez dute ezagutu eta bi urte segidako lehorterik ere ez: "Ezingo dugu jasan", esan du Arantzazuk. Maitek gaineratu, gero eta basamortuago dela inguru hori. "Peritoak etorriko dira eta egiaztatuko dute begibistan duguna", esan digu, "dena dago galduta".

Iparraldera eginez, Ebro eta Aragoiko bazterrak berdeago daude. Erregadioek ureztatuta, hala ere. Nafarroa erdialdeko larreak ere horitzen ari dira. Bertan bazkatzen dira Xabier Unzueren behiak, Uxuen.  Orain arte ari dira moldatzen baina udarako daude kezkatuta, batez ere, animaliek zer edana izango ote duten.

Lizarrerrian, Antzinen erakutsi digu Jose Angel Hitak nola dauden Lokiztik datozen iturburuak erabat agortua. Bere soroak, itxuraz, berde, baina begirada jeitsi orduko, lurra egarri. Alea oso kaskarra dator, pisuan ahul. Jasotzeak mereziko ote dien ere ez daki. Gastuak berdintzea ere ez baita lortzen. "Gehien lantzen duenak galtzen du gehien", esan digu lagun baten hitzak ekarrita.

Audioak (1)