Munduaren Akabera
Fermin Alvarez, itsas-geologoa: "Natura globala da; itsasoaren maila 2 cm igotzeak denean eragingo du"
MIkel Rotaetxe | EITb Media
Dublingo Trinity Collegeko doktoregaia da Fermin Alvarez Agoues eta azken milurteetako itsas-mailaren gorabeherak ditu ikergai: "XX. mendean abiada nabarmena hartu du itsas-mailaren igoerak eta okerrenean jartzea komeni da".
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Irlandako kostaldean sedimentuak bildu eta laborategian aztertzen ditu Fermin Alvarez Agoues itsas-geologoak, azken milurteetako itsas-mailaren gorabeherak aztertzeko. "Iragana ezagutuz etorkizunaren nondik norakoak aurreikus daitezke", azaldu du Euskadi Irratiko 'Faktoria'-ko Munduaren Akabera tartean, "eta Europan premiazko dugu halako lana egitea, ez baitugu Amerikako Estatu Batuetan bezainbeste daturik".
Azaldu duenez, itsas-mailaren igoera "bereziki nabarmena" da industrializazioaz geroztik eta etorkizuneko ondorioak zenbaterainokoak diren jakitea "zaila" den arren, "okerrenean jartzea komeni da". "Ez dezagun ahaztu natura globa dela", azpimarratu du, "tenperatura berotzeak itsas-maila igoarazten du eta horrek eragina du itsas-korronteetan zein meteorologian". Alvarezek gogoratu du itsas-mailaren igoera ez dela homogeneoa: "Ipar poloa urtzeak hego-hemisferioan eragingo ditu ondorio nagusiak, eta alderantziz". Nabarmendu du, horrela, iparralde industrializatu eta aberatsak hegoaldearekiko duen ardura.
Garbiñe Manterola BRTAko transferentzia arduraduna eta Leire Agirreazkuenaga UCLAko ikerlaria aritu dira Alvarezi galderak egiten.