Martxelo Otamendi
Martxelo Otamendi, 30 urtez lemazain nekaezin
Imanol de la Varga | EITb Media
Amagoia Mujikak ekainaren 30ean hartuko dio erreleboa Martxelo Otamendiri Berriako zuzendari karguan. "Egunkaria"n lehenik, "Berria"n ostean, 30 urte egin ditu Otamendik euskarazko egunkaria zuzentzen. Erreleboa hartu atarian haren bulegoan izan da "Faktoria".
Your browser doesn’t support HTML5 audio
1993an hartu zuen Martxelo Otamendik "Euskaldunon Egunkaria"ren zuzendaritza. Ordutik, etenik gabe jardun du lemazain. Mugarri ilun bat ageri da ibilbide horretan: Juan del Olmo epailearen aginduz, 2003ko otsailean itxi zuten Egunkaria. Orduko min ezabaezinarekin batera, Otamendik akorduan ditu orduko elkartasun oldea eta lantaldearen sendotasuna.
Kontatu digu Otamendik, hasieratik bere helburuen artean egon dela euskarazko egunkaria nazioarteko egunkarien estandarretara egokitzeko ahalegina. Fokua Euskal Herrian jarrita, kanpora begiratzeari ere eman dio garrantzia Otamendik urte hauetan guztietan.
Orain, erretiroa hartuta, lankide izan dituenei trabarik ez egitea jarri dio bere buruari erronka. Datozen egunetan Kataluniara bidaia egingo dute, eta han, besteak beste, Pere Aragones presidentearekin batzartuko dira.
Zuzendari berria izango den Amagoia Mujika etorkizunera begira jarri da. Aurreratu digu udazkenean itxuraldatuta argitaratuko dela Berria; egungo errealitate digitalera egokitutako aldaketa izango da. Aldaketak bai izango dira, baina, Mujikak esan digu eutsi nahiko liokeela Otamendiren egiteko gogo eta grinari.