Itxi

Soriako jipoia

Irati Aranburu: "Ez dugu oraindik gure amorrua erakutsi, zer gertatu zen jakiteko beharra daukagu"

Erik Aznal | EITb Media

Eskuin muturreko talde batek Ion Aranburu jipoitu zuen Sorian, Numancia eta Cornella taldeen arteko norgehiagokaren atarian. Hilabete egin du donostiarrak koma egoeran Burgosen, eta Donostiako ospitalean dago orain. Senideek azpimarratu dute antolatutako erasoa izan zela eta ekidin zitekeela.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Maiatzaren 27an gertatu zen eraso-faxista Sorian; Ion Aranburu lagun batzuekin Numantzia eta Cornella futbol taldeen arteko norgehiagoka ikustera joana zen bertara, eta ospakizun giroan zela, 50 pertsona inguruko talde bat autobus batetik jeitsi, hura eta beste hainbat pertsona jipotu, eta berriro autobus batean egin zuten alde.

Gobernu ordezkaritzaren arabera, futbol partidako istiluekin lotutako erasoa izan zen eta ez zuen ondorio larririk eragin, baina ezer gutxi du horrek ikustekorik Aranburuk jasandakoarekin. Ordutik, Burgosko ospitalean egon da Aranburu, koma egoeran, pasa den ostiralean, koma egoeratik atera eta Donostiara leku aldatu zuten arte. Irati Aranburu senideak kontatu digunez, "hobera" egin du haren egoerak eta "senideak ezagutzeko eta keinu bidez komunikatzeko gai da".

Aranburuk nabarmendu du "eraso antolatua" izan zela bere lehengusuaren aurkakoa, eta ez zela bi talderen arteko borrokarik izan. Segurtasun indarren aldetik "akts larriak" izan zirela azpimarratu du Aranburuk: "poliziak berak aitortu zien Ionen anaiari eta bere emazteari ultra eskuineko talde batek antolatu zuela erasoa, eta bazekitela zeintzuk ziren; baina ez zuten ezer egin".

Ingurukoen eta zaletuen aldetik jasotako babesa eskertu du Aranburuk, hainbat mobilizazio egin dituzte gertatutakoa salatzeko eta jendearen elkartasuna sentitu dute; ez, ordea, erakundeena "mingarria" izan dela horien tratua gaineratu du. Aranburuk adierazi du oraindik erakusteko dutela euren amorrua, justizia nahi dutela Ion Aranbururentzat eta "maila pertsonalean" zer gertatu zen jakiteko beharra ere badutela: "arduradunak nor diren jakin nahi dugu, zergatik ez zen lehenago esku hartu".

Audioak (1)