ETA-KO PRESOAK
Jaime Tapia: “Ohiko neurri bat da (…) halakoak hartzen dira Estatuko espetxeetan ere”
Mikel Otegi, Itsasondon bi ertzain hiltzeaz akusatutako presoa, atzo dentistarengana zaintzarik gabe joateko baimena eskuratu izana espetxe politiken normaltasunaren baitan kokatu du Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Gizarte Politiketako saileko espetxeen arloko aholkulariak.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Ertzainen inguruetatik salatu eta Correo taldeak zabaldu duenez, Mikel Otegi Itsasondon bi ertzain hiltzeaz akusatutako presoa, atzo dentistarengana zaintzarik gabe joan zen atzo, Kartzela Administrazioko agintariek hala baimenduta.
Espainiako kode penalaren baitan, Madrilen ere halakoak ematen direla adierazi du Jaime Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Gizarte Politiketako saileko espetxeen arloko aholkulariak, Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan. Tapiak azaldu duenez, preso bakoitzaren delituak banaka eztabaidatu eta sailkatzen dituzte eta kasu honetan "ez dago zalantzarik". Gaineratu duenez "ez da hain ez ohikoa", prentsan ageri den moduan, eta halako polemikek "ez diote inori mesederik egiten". Espetxeen arloko aholkulariak presoen "eskubideak, duintasuna eta osasuna" bermatzeko lanean jarraituko duela ziurtatu du.
Mikel Otegik 1995eko abenduaren 10ean hil zituen, eskopeta tiroz, Iñaki Mendiluze eta Jose Luis Gonzalez ertzainak, bere baserri atarian, Itsasondon. 1997an herri epaimahi batek epaitu zuen eta hilketa delitutik absolbitu (homizidio delitua ez zuen kalifikatu-eta fiskalak). Epai hura bertan behera utzi zuen Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak eta errepikatu zedila agindu. Ordurako ihes egin zuen Otegik eta ETArekin egin zuen bat. 2003an atxilotu zuten Frantzian eta ETAko kide izateagatik jarri zioten kondena beteta Espainiaratu zuten 2009an. Auzitegi Gorenak 34 urteko espetxe zigorra berretsi zion bi ertzainen hilketagatik. Zaballan dago 2022ko apiriletik.