KLIMA LARRIALDIA
Unai Pascual: “Ebidentzia ugari daukagu ingurumen krisia natura gutxiesteak eragin duela baieztatzeko”
MIkel Yarza | EITB Media
Sistema ekonomiko eta politikoak soilik merkatu ikuspegitik begiratzen dio naturari eta ikuspegi hori eraldatzea premiazko jo dute mundu mailako 80 zientzialarik, Nature aldizkarian. Unai Pascual BC3ko, Aldaketa Klimatikoaren Euskal Zentroko Ikerbasque ikerlaria da artikuluaren sinatzaile nagusia.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Merkatuan oinarrituriko balioen ondorioz natura gutxietsi eta bioaniztasun krisia areagotu dugula baieztatu dute mundu mailako 80 zientzilari baino gehiagok, gaiari buruz idatzitako 50.000 artikulu berrikusita.
Mundu mailako 80 zientzialari baino gehiagok idatzitako artikulua esan dugu. Egitura politiko, ekonomiko eta gizarte mailakoak eraldatzea premiazkojotzat du Unai Pascual BC3ko ikerlari eta artikuluaren sinatzaile nagusiak Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan, bioaniztasuna zaindu eta garapen jasangarri bat egiteko. Pascualen esanetan egun "balio gatazkak" daude gure gizartean eta horren adibide dira "hainbat herri eta basotan zuhaitzak mozten ari direla, Iruñean esaterako, parking bat egiteko, horrek merkatu balio handia daukalako". Gogorarazi du zuhaitzek "berebiziko garrantzia" dutela klima aldaketari egokitzeko eta kutsadura ekiditeko. "Oraindik badira denok ulertzen ditugun baina kontuan hartzen ez diren balio naturalak".
Merkatuen interesen menpe, elikadurarako sistema intetsiboek ere naturari "kalte izugarria" eragin diotela azaldu du. Klima larrialdiaren aurrean, aldaketak egiteko "beti denbora dago" eta "beharrezko" dira Pascualen iritziz, baina aldaketa horiek zenbat eta gehiago atzeratu "orduan eta eraginkortasuan txikiagoa" izango dute. Haren esanetan: "jadanik pasa dugu klima aldaketaren langa, ez gara bueltatuko milaka eta milaka urtetan orain emisio guztiak zerora murriztuko bagenitu ere, baina horrek ez du esan nahi oraindik lana egin behar ez dugunik".
Kolapsoaz ere hitz egin du eta mundu mailakoa ez izan arren adierazi du agerikoa dela herrialde jakinetan. "Filipinasen, Bangladeshen... milaka pertsona haien jatorrizko lekuak uzten ari dira, hori kolapso bat da". Pascualek ohartarazi duenez, gure bizimodua eta ondorengo belaunaldiena "asko aldatuko da guk kontrolpean aldatzen ez badugu".