Itxi

bilboko aste nagusia

Aburto: "Segurtasunari lotutako intzidentzia aipagarririk ez dago momentuz"

eitb media

Leer en Castellano

Bilboko Aste Nagusiko lehen egunak arazorik gabe doazela aipatu du alkateak. Bertaratzen diren pertsonen segurtasuna bermatzeko dispositibo zabala dagoela zehaztu du, eta Bilbo hiri segurua dela azpimarratu du.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Bilboko Aste Nagusiko lehen astebukaeran aparteko intzidentziarik ez dela egon jakinarazi du Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, gaur, Euskadi Irratiko Faktoria saioan. Ohikoa den bezala lapurreta ugari egon direla aipatu badu ere, oraingoz, ez dutela eraso sexisten berri izan gaineratu du.

Festaz gozatzera datozen herritarren segurtasuna bermatzeko polizia dispositibo berezia ezarri dutela adierazi du, eta azpimarratu, Bilbo hiri segurua dela eta lanean jarraituko dutela datuok hobetzen jarraitzeko. Hiriburuko kaleetan polizien presentzia sendotu dute, baina gogoratu du "guztion lana" dela hiri seguru bat lortzea. 

Lehen hiru egunetan kaleak jendez lepo egon direla eta, iazko datu historikoak gainditzea posible dela aurreikusten du Bilboko alkateak. "Inoizko bisitari gehien izan genituen iaz, eta egunotan ibili den jendetza ikusita, aurreko urteko langa gainditzea espero da", gehitu du. Izan ere, egunotan bereziki turista andana dago eta hiriburuko hotelak beteta daudela dio. 

Hasiera ekitaldia oso berezia eta ezberdina izan zela gaineratu du Aburtok, eta inoiz baino jende gehiago egon zela. Aiora Renteria abeslaria izan zen pregoilaria eta Zea Mays talde bilbotarraren "Negua joan da ta" kanta ezagunarekin eman zien ongietorria Bilboko jaiei. 

Tourraren inguruan ere mintzatu da Bilboko alkatea. Gaur-gaurkoz datu ofizialik ezin duela aurreratu esan du, baina urrian argitaratuko direla zehaztu du. Pasa den uztailaren 1ean izan zen Frantziako Tourreko Grand Départ eta espektatiba guztiak bete zituela adierazi du Aburtok: "Historikoa izan zen. Euskadin oso gustura geratu gara eta Tourreko ordezkariek ere hala adierazi digute". 

Estatu mailako egoera politikoaz galdeginda, Juan Mari Aburtok dio duintasuna, konpromisoa eta elkarlana direla politikaren gakoak eta herritarrei mezu horiek helaraztea beharrezkoa dela jendearen konfiantza irabazteko. Inbestidura prozesua aurrera aterako den esperantza du eta hauteskundeak berriz errepikatu behar ez izatea.

Audioak (1)