PSE-EEko diputatua kongresuan
Maria Luisa Garcia Gurrutxaga: "Konstituzioa era malguan ulertuta ere, autodeterminazioa marra gorria da"
Pilar Goya | EITb Media
PSE-EEko diputatuaren hitzetan, Pedro Sanchezen inbestidura negoziatzen ari diren guztiek eskuzabalak izan behar dute: "Denek jarri behar dugu gure aldetik; gu prest gaude, baina besteek ere pausoak eta keinuak eman behar dituzte hor daudela adierazteko".
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Inbestidura negoziaketei buruz luze mintzatu da Maria Luisa Garcia Gurrutxaga, "inpass" egoera batean daudela onartuta. Eskuzabaltasuna eskatu die negoizatzaileei, baina argi utzita autodeterminazioa marra gorria dela sozialistentzat. Lurralde ereduaren auzian, "ez zaio bakarrik PSOEri galdetu behar, beste alderdiei ere bai. Guk beti esan dugu zein den gure muga. Nahiz eta Konstituzioa oso era malguan ulertu daitekeen, hor marra bat dago, autodeterminazioa". Euskadiren kasuan, Gernikako Estatutua gaurkotzearen alde agertu da, eta eguneratzearen beharra badagoela adierazo du, mundua asko aldatu delako, baina ez dutela harago "besterik ezer babesten".
Pedro Sanchezek egin duen errondaz eta euskal alderdiekiko harremanaz, EAJri buruz esan du espero duela arazorik gabe akordio batera iristea; EH Bilduri buruz, berriz, harremanak normalizatze bidean daudela erakutsi duela joan den asteko irudiak, eta hori ona dela.
Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitu, torturatu eta hil zituztela 40 urte bete diren honetan, argi utzi du berarentzat eta PSErentzat GAL "estatu terrrorismo hutsa" izan zela eta familiei biktima estatusa aitortzearen alde egin du. Sekretu Ofizialen Legeari berriro ere legeldi honetan heltzearen alde, gardentasuna defendatu du.
Hezkuntza Legeari buruz, azkenik, uste du hizkuntzekin zarata handia atera dela baina badirela lege berrian sozialistei esker sartu diren beste gauza oso garrantzitsuak: eskola pulbikoaren aldarrikapena eta itunpeko ikastetxeei finatziazio pulbikoa lortzeko zein irizpide behar dituzten ondo finkatzea (urte askoan bere zeregin nagusiak hezkuntzarekin lotuta egon dira). Hizkuntza ereduen auzian, berriiz, uste du ondo dagoela marko orokor bat finatzea denentzat, baina egoera soziolinguistikoak aintzat hartuta: "Amezketan eta Ataunen agian iritsiko dira B2 mailara, baina Altzan edo Barakaldon? Beharrezkoa da ikastetxeek autonomia izatea".