Itxi

Aurkikuntza

Europako lehen guda handia Guardiako lur emankorren kontrolagatik izan zen K.a. 3.000. urtean

Garazi Urdanpilleta | EITb Media

Lurdes Errasti historialariak hartu du parte ikerketan, eta, 300 hezurduratik gora aztertu ostean, ondorioztatu dute taldeen arteko enfrentamendua izan zela, kide guztiek hartu zutela bertan parte eta lurren kontrola izan zela gatazka horren abiapuntua.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Europako lehen guda edo indarkeria-enfrentamendu handia Arabako Errioxan Neolitiko Berantiarrean izan zela ondorioztatu du ikerketa batek. 1985. urtean 300 gorpuzkitik gora aurkitu zituzten Guardian, mahasti lur batzuk garbitzen eta zabaltzen ari zirela, urmael baten ondoan. Hainbat arkeologok, forentsek eta historialarik hezurdurak ikertu dituzte, eta ondorioak "Scientific Reports" aldizkarian argitaratu dituzte. Valladolideko unibertsitateko Teresa Fernandez Crespo irakasleak zuzendu du ikerketa, eta Euskal Herriko adituek ere parte hartu dute, tartean, Javier Orduño arkeologoak, Pako Etxeberria forentseak eta Lourdes Errasti historialariak.

Lourdes Errastik "Faktoria"n adierazi duenez, gorpuzki horietan gezi-puntak aurkitu dituzte saihetsetan edo hanketan sartuta, besteak beste. Epe motzean hobiratu zituztela ondorioztatu dute, batzuk besteen gainean topatu baitituzte, eta horrek adierazten baitu tarte txikia zegoela heriotza batetik bestera. "Garai konkretu batean gertatutako ekintza biolento bat da, eta ez zen momentu bateko asalto bat izan, iraupen txiki bat izan zuen enfrentamendua baizik", nabarmendu du. Hori ondorioztatu dute, zauri batzuk sendatuta bazituzten ere ondoren izandako beste zauri batzuen ondorioz hil zirelako.

Gerraz ezin dela hitz egin adierazi du Errastik, hura ez zelako armada antolatu bat. "Taldeen arteko konfliktoen isla da hau", dio, eta taldeko kide guztiek parte hartu zutela ondorioztatu dute. Izan ere, adin guztietako gorpuzkiak topatu diuzte, eta 100dik gora dira umeenak. "K.a. 3.000. urtearen inguruan gertatu zen. Arabako Errioxan, Ebro inguruko bailarako horretan, oso emankorrak dira lurrak, eta, ziurrenik, lur horien kontrola izateko enfrentamendua izan zen hau", argitu du.

Audioak (1)