Franskismoaren biktimak
Pepi Berasategi: "Aita azaldu da! A ze sorpresa! Urte hauekin ez nuen espero"
Ainhoa Urretabizkaia| EITB Media
Urtebete zuen Josefa Berasategik (Pepik) Ondarretako kartzelan preso hartu zuten Hipolito Berasategi aita desagertu zenean. Berasategi familia ordutik haren gorpuzkiak bilatzen aritu da eta aste honetan Oiartzungo "Oroimenerako frontoia" hilobi-monumentuan agertu direla jakinarazi diete.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Bere aitaren oroimenik izan ez arren, Pepiren bizitzan, egun 88 urte ditu, Hipolito Berasategiren gorpuzkiak aurkitzea helburu garbia izan da. 1936ko urrian, Ondarretako espetxean preso hartu zuten bere aita desagertu egin zela esan zioten bere amari, eta ordutik uste izan duten bakarra Hernanin fusilatu eta nonbait lurperatu zutela. Aste honetan, ordea, Aintzane Ezenarrok, Gogora Institutuko zuzendariak, deitu dio Pepiri, eta aurkitu dituzten gorpuzki batzuk bere aitarenak direla azaldu dio. Poza eta lasaitasuna eman die albisteak, eta gainerako biktimei ere ahalik eta azkarren erantzun bat ematea eskatu du.