ITXIERA BATEN KRONIKA
Arantxa Irizar: "Bizitzeko modu bat egin diat tabernan... orain itxi beharrak egundoko pena ematen zidak"
34 urtez gobernatu du San Agustin taberna Arantxa Irizarrek. Urte amaieran itxi egingo du. Segida emango dion norbaiten bila aritu da, baina esperantza lurrundu zaio. Barra ertzean jarrita kontu kontari aritu da Jon Artanorekin. Bidean metatutako poz eta tristurez, eta urte berrirako asmoez.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
"Behar al duk kafe bat?" egin du aurreneko hitza. "Ez zaik inportako hika egiten badiat, ala?" bigarrena. Eta kafe makina lanean jarrita hasi dute berriketaldia.
Aizpurutxon da zita, Urola ibaiaren arroan datzan auzo koxkorrean. 30 lagun bizi dira denera, baina bi ostatu dituzte. Bi, oraindik. Bietako batek, San Agustinek, atzera zenbaketa hasia du, baina.Hezea da Aizpurutxo, laiotza. Arantxaren etxea bera erreka batek, Zakotei errekak, zehakatzen du azpitik. Tabernaren jangela Azkoitian dago; sukaldea Bergaran.
Malenkonia sumatzen zaio Irizarri bere esanetan, baina baita etorkizunerako baikortasuna ere: "Zer egingo dudan aurrerantzean? Aspertu behintzat ez nauk egingo! Egunean 10.000 pauso egingo ditiat. Eta beste gauza bat ere bai: Nahi diat xakean ikasi!"