ELA sindikatua
Lakuntza: "Inbestidurarako PSOEk eta EAJk adostatutakoak zabaltzen du bide bat, guk eskatutakoaren haritik"
JOne Larrañaga | EITb Media
Langile publikoen erreposizio tasa eta soldata igoerak adosteko bitariko batzordea sortzea eta bertako hitzarmenak estatukoaren gainetik jartzeko akordioak, euskal langileen baldintzak hobetzeko aukera ematen duela adierazi du ELAko idazkari nagusiak. Eta grebek jarri dutela agenda politikoan.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia baikor agertu da Pedro Sanchezen inbestiduraren alde bozkatzearen truke EAJk PSOErekin euskal langileen esparruari buruz adostu zituenek eman dezaketen aukeraz. Langile publikoen erreposizio tasa eta soldata igoera adosteko bitariko batzordea sortzeak bide bat zabal dezakeela uste du. Eta aurrera pauso nabarmena dela, aldiz, estatuko hitzarmenaren gainetik bertakoa ezartzeko akordioa.
Lakuntzak uste du grebak egin direlako lortu dela akordio hori Madrilen, lehentasun hori agenda politikoan ezartzea lortu delako. Alde horretatik, aldarrikatu du baliagarria dela greba, tresna gisa. Are gehiago, esan du greba gehien egiten diren aldietan lortu izan direla hitzarmen gehiago eta hobeak. Gizarte ekimeneko ikastetxeetako greba eta Eroskiko biltegian egiten ari direnei egin die, ildo horretatik, aipamen zuzena.