Lau eguneko lan astea
Lau eguneko lan astearen esperientzia: Ingreen Innovation, Hortelanos eta Group Voltaire enpresen adibideak
Nagore Telleria Eizagirre | EITb Media
Saiakera pilotuak egin dituzte hiru lantegietan eta hiruretan lau eguneko lan astea ezartzea erabaki dute, hogeita hamasei ordukoa. Leioako ingenieritza enpresa, Gasteizko komunikazio agentzia eta zaldunen aulkien Bidarteko enpresako ordezkariek kontatu digute nola ezarri duten lan sistema berria.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Ingreen Innovacion ingeniaritza enpresan 22 lagunek egiten dute lan Leioan. Astelehenetik ostegunera egiten dute lan, hogeita hamasei ordu, soldata murrizketarik gabe. Ostiraletan ez dute lanik egiten. Telefonorik ez du inork hartzen, bilerarik ez dute antolatzen, eta emailik ere ez dute bidaltzen. Izatekotan, kontziliazioagatik astean egin ez diren lanak errekuperatzeko baliatu dezakete eta beti ere bakarkako lanean. 2023 hasieran ezarri zuten lan sistema berria. Lau eguneko lan astea ezartzeko, bezeroei aldaketa jakinarazi zieten aurrena eta egokitzapena egin behar izan dutela kontatu digu Maitane Rekaldek zerbitzu zirkularren arduradunak.
Bidarteko Voltaire Group enpresan 90 behargin aritzen dira zaldi gainean ibiltzeko eserlekuak egiten. 2023 hastapenean hasi ziren lana lau eguneko txandaka antolatzen. Xan Irazoki ekoizpen sailean ari da. Beraiek ez dute lau eguneko lan astea denik esaten, lau- ehun- ehun baizik. Ehuneko ehun lau egunez egiten dutela esan nahi du horrekin eta ekoizpenean ez dela alderik, hobeto produzitzen dutela.
Gasteizko Hortelanos komunikazio agentziak badu leloa "hobeto lan egingo dugu gutxiago lan egiteko" dioena. 2021ean hasi ziren astean lau egunez lan egiten. Miguel de Andres enpresaren zuzendari nagusiak atzera bueltarik gabeko lan sistema dela dio eta ondo lan egitearen funtsa antolaketa dela. Bere ustez sektore guztietan ezarri daiteke lau eguneko lan astea.
Euskalit, Kudeaketaren Behatokian, Luis Jimenezek, industria sektoreko arduradunak azaldu digu, Boston, Dublin eta Cambridgeko Unibertsitateek elkarlanean egindako ikerketa. Hogeita hamahiru enpresatan, borondatez ezarri zuten hogeita hamabi orduko lan astea eta emaitzak oso baikorrak izan dira. Langileen asebetetze maila altuagoa da, irabaziak mantendu edo igo egin dira, jende gehiago hartu dute lanerako eta dimisio kopurua ere jeitsi egin da.