EUSKARAREN OSASUNA FOKUPEAN
Iñaki Iurrebaso: "Euskara askoz gertuago dago heriotzatik osasun betetik baino, eta ez gara kontziente"
Soziolinguistikaren arloan zeresan handia eman du Iurrebasoren lanak. Daukagun gaitasun maila kontuan izanda, euskarak izan dezakeen gehieneko erabileratik gertu gaudela dio, eta euskaldun gehienen egunerokoa "goitik behera datorren eskailera mekaniko batean igotzearekin" parekatu du.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Aurki beteko da urtebete Iñaki Iurrebasok (Legazpi, 1967) bere tesia aurkeztu zuenetik. Eta tesi horrek dezenteko dardara eragin du euskara langai dutenen artean, izan ere orain arteko ikuspegia aldatu du Iurrebasok. Herritarrak euskara dakitenen eta ez dakitenen artean sailkatu ordez, gaitasunaren arabera sailkatu ditu: nor moldatzen den euskaraz hobeto eta nor erdaraz, eta era horretan lortutako datuek errealitatea beste modu batean erakutsi dute.
Arnasguneetan gertatzen ari den galeraren garrantziaz ohartarazi du eta azpimarratu "Olatu berri bat" behar dugula, "60ko hamarkadan sortu zutenaren moduko mugimendu bat abian jartzea behar dugu gauden egoeran, nahiz ez den erraza izango".