EAJko europarlamentaria
Izaskun Bilbao: "Trantsizio energetikoa ez da soilik industriena, bada baita ere lanpostuena"
P.G. | EiTb Media
EAJren europarlamentariaren hitzetan, 2050erako ezarrita dauden deskarbonizazio helburuak lortzeko Europak ezin du apustu bakarra egin elektrifikazioaren inguruan, eta ezin du ezta ere sektore guztietan abiadura berdina ezarri. Immigrazioaz eta hauteskunde europarrei buruz ere hitz egin du.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Izaskun Bilbao EAJko europarlamentariak defendatu du trantsizio energetikoa eta deskarbonizazio alorrean Europak 2050erako ezarritako helburuak lortzeko, ezin dela apustu bakarra egin elektrifikazioaren esparruan, "beste menpekotasun batzuk sortzen ari direlako" eta autogintzaren adibidea jarri du: "Europa gaur-gaurkoz ez da gai autoek eta kamioiek behar dituzten bateriak egiteko. Hornitzaileak nor dira? Beste batzuren menpe gelditu behar badugu kontuz zer egiten dugun! Badira beste teknologia batzuk eta denak erabli behar dira".
Adierazi du bat datozela epeekin eta sektore guztietan eman behar direla pausoak esaterakoan baina ez abiadura berberarekin: "Trantsizio hau oso garestia da eta modu ordenatuan egin behar da. Ez da soilik industrien trantsizioa bada baita ere lanpostuena, jendea formatu behar da beste helburu bat izan behar duelako, jendea ez botatzea oraingo lanposutetatik. Denek birmoldatu behar dugu".
Inmigrazioaren gaian, Europak onartutako planak markoa zehaztea onargarria izan daitekeela esan du baina defendatu du irizpide humanitarioetan eta integratzaileetan oinarritu behar duela. Kezkatuta eskuin muturra Europan izaten ari den gorakadarekin, europako erakundeek zer egiten duten eta politikak berak herritarron egunerokoan duen garrantziaz jabetzeko lana egin behar dela azpimaratu du.
Galdetuta, euskara ofiziala izatera iritsiko ote den berak Europako Parlamentua utzi aurretik, nahiko lukeela esan du eta bere etorkizunaz, hauxe, ez duela politikan jarraituko.