JANGELA EREDU EZBERDINAK
Eskola jangela eredu berrietara bidean
EIDER ARANBERRI
Izandako intzidentzien ostean, Euskal Autonomia Erkidegoko 17 ikastetxeetan gaur utzi dio Serunion katering enpresak zerbitzua eskaintzeari. Horregatik, Euskadi Irratiko 'Faktoria'n jangela eredu ezberdinen inguruan aritu gara, eta Nafarroako zein Ipar Euskal Herriko ereduen berri ere izan dugu.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Eztabaida politikoaren erdigunean kokatu da jangela ereduen inguruko eztabaida. Gasteizko Salburua auzoan adibidez, 15 bat ikastetxeetako zuzendariek eta gurasoek bat egin dute jangela eredu propio bat izateko; auzoan hutsik dauden dozenaka lokaletako bat erosi, bertan sukalde profesional bat eraiki eta bertatik ikastetxeetako jangelak hornitzea litzateke asmoa. Proposamena jada helarazi diote Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailari, baina, momentuz, ez die aurrerabiderik eman. Euren helburua bertako janaria, ekologikoa eta tokian tokiko ekonomia eta ingurumena errespetatuko dituen eredua abian jartzea da.
Antzeko helburua izan zuten duela zazpi urte Gernikako Allende Salazar ikastetxean, eta han bezala, baita Laukarizen, Markinan eta Orduñan ere; kasu horietan, Hezkuntza sailak ahalbidetu zuen leku horietako proiektuak abian jartzea, eta arrakasta handia izan dute haurren, gurasoen eta irakasleen artean.
Lau ikastetxe horien antzeko eredua dute Tuterako Argia Ikastolan, eta Nafarroako Hezkuntza Departamentua gainera ari da jangelen eredua arautzeko foru dekretu berria lantzen. Mikel Fernandez de Quincoces departamentuaren aholkulariak kontatu ditu xehetasunak: "1991 urteko dekretua berritzeko garaia iritsi da, eta berrikuntzen artean dago jantokiko zerbitzua hezkuntzan bertan txertatzea. Ikasleek jasoko duten beste ikasgai bat izango da. 2025-26 ikasturtean egongo litzateke indarrean, nahiz eta lehen atalak datorren ikasturtetik aurrera jarri nahi ditugun abian".
Ipar Euskal Herriko jangeletan, azkenik, frantziar estatuko legedia aplikatzen da, eta, horren arabera, jangeletan eskaintzen den elikagaien ehuneko 50 gutxienez bertakoa edo ekologikoa izan behar du.