BELHARRA ITZULIKO DA
Axi Muniain: "Begietara begiratu nionean jakin nuen Belharra menderatu ahalko nuela"
Jon Artano | EITB Media
Louis eta Monica borraskek ezohiko itsasaldia ekarriko dute asteburuan. Belharra oldartuko da, beste behin. Euskal Herriko uhin handiena ohol gainean arraun eginaz -uretako motoen laguntza gabe- hartzea nola lortu zuen oroitu du Axi Muniainek.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Ordura arte ezinezkotzat zutena erdietsi zuen Axi Muniain zarauztarrak 2009an; Belharra motoen laguntzarik gabe surfeatzea. Horretarako gortinak ezartzeko erabiltzen den errail bat josi zion bere oholaren ardatzari, eta berunezko xafla batzuk erantsiz. "Sentsazioa ikaragarria izan zen, gozatu egin nuen 'bidaia'".
Muniainek kontatu duenez surf munduan sinetsita zeuden Mauiko Peahi urautsiko olatua eta Belharrakoa ezin zirela arraunean hartu. Urte berean, 2009an, frogatu zuten engainatu zirela; brasildar batzuk lortu zuten balentria Mauin, eta Muniainek Belharran. "Harro nago, neure xumean, iraultza hartan eragile izanagatik".